Santano: "Pausoak eman behar dira kalean normala den hori udalean ere normala izateko"
Egun historikoa bizitu da gaur Irunen, San Martzial egunean, 25 urteren ondoren, Irungo Udala osatzen duten udalbatzako alderdi guztiek harrera egin baitiote lehen aldiz alarde parekideari.
Egun historikoa bizitu da gaur Irunen, San Martzial egunean, 25 urteren ondoren, Irungo Udala osatzen duten udalbatzako alderdi guztiek harrera egin baitiote lehen aldiz alarde parekideari. Berriak goizeko 09:30ean egin du eztanda, Elkarrekin koalizioak deitutako prentsaurrekoan. Bertan, Miren Etxebeste udaleko Berdintasuneko zinegotzi ohiak esan du gaurkoa “egun historikoa” izango zela Irunen, lehen aldiz alkatea eta EAJko eta PPko ordezkari guztiak alarde parekidearen harreran egongo zirelako.
Etxebestek onartu du “pauso” bat eman dela gaur hirian, baina aldi berean “atzerapauso txiki” bat ere eman dela nabarmendu du, iaz berak eman baitzion udal gobernuaren izenean herriaren bandera alarde parekideari. Gaur, baina, oposizioak entregatu dio Irungo bandera alarde ez baztertzaileari: EH Bilduko Oihana Brionesek eman dio hiriko ikurra Iker Montero Bidasoa konpainiako buruari. Hala ere, Etxebestek aitortu du gaurkoa “pauso garrantzitsua” izan dela eta hemendik aurrera ematen diren pausoak “finkoak” izan behar direla.
Alarde Publikoak hiriko bandera jaso ondoren, Jose Antonio Santano alkateak agerraldia egin du alkatetzan PSE-EEko, EAJko eta PPko udal bozeramaileekin, hau da, Miguel Angel Paezekin, Xabier Iridoirekin eta Iñigo Manriquerekin, hurrenez hurren. Santanok esan du gaurko alardean “berritasun bat” egon dela. Berritasun hori izan da lehen aldiz egin dietela harrera Irungo hiru alderdi horiek alarde parekideari.
Hona hemen alkatearen esanak: “2019an esan nuen pausoak eman behar direla kalean normala den hori udalean ere normala izateko. Gaur egun bi alarde ditugu, alardea ulertzeko bi modu, Irunen inongo istilurik gabe desfilatzen dutenak, lasaitasunez eta errespetuz, eta uste dut horretan hiria eredu dela. Orain arte lehentasun bat izan dugu: hiriko bizikidetza eta errespetu hori ez aztoratzea, eta hori lortu dugu. Gaur zirkulu bat ixten duen pauso bat ematen ari gara, Irunen errealitatea islatzen duena. Irunek alardea ulertzeko bi modu dauzka, biek babes legala dutenak. Batak gehiengoaren babesa du, bestea minoritarioa da, baina ni denen alkate naiz eta hemen gaudenok denoi ordezkatzen diegun udal gobernua gara. Agintaldi berria hasten ari gara eta nahi dudan azken gauza da agintaldi hasiera honetan, ikusita kalean normaltasuna dagoela, udala eta udaletxeko balkoia desadostasun, albiste eta politizazio arrazoia izatea. Uste dut alardearen gaia despolitizatu behar dela eta hori da egiten ari garena. Goazen aurrera begiratzea, protagonismoa jaiarena da, gu ez gara eta ez gara izango protagonista, nahi duguna da arreta gatazka instituzionaletik kentzea. Gaur urte hauetan guztietan izan dugun gaitzespenarekin bukatzen dugu. Hau izango da etorkizuna. Alardea bizitzeko bi modu daude, eta Irungo herriak horrela ikusten duen bitartean, bizikidetza sustatuko dugu. Udal neutro bat aurkituko dugu, instituzionalki bi alardeak babesten dituena”.
Horrez gain, Santanok adierazi du, PSE-EE, EAJ eta PP alderdiak bi alardeen harreretan egon direla, eta alarde tradizionalaren harreran izan ez diren EH Bilduri eta Elkarrekin koalizioari eskatu die “pauso” hori ere ematea eta bi alardeen harreretan egotea. “Pilota euren teilatuan” dagoela esan du alkateak: “Gustatuko litzaidake goizean alarde tradizionalaren harreran izan ez diren bi alderdiek ere mezu hau ulertzea. Udalbatzaren gehiengoa bi alardeetan gaude eta gustatuko litzaidake beraiek ere pauso hori ematea. Pauso hori aitortza sozial eta herritar guztiekiko errespetuzkoa litzateke. Ni hiri guztiaren alkate naiz eta haiek ere badira, errespetu hori zor da. Pilota euren teilatuan dago, eurak erantzun beharko dute gai honen inguruan”.
Santanoren eskakizunaren aurrean, Mertxe Aizpurua EH Bilduko kongresuko bozeramaileak nabarmendu du beren konpromisoa “parekidetasunaren aldekoa” dela, eta alarde bakarra egon behar duela aldarrikatu du: “Uste dut alarde bakarra egon behar duela. Alarde inklusiboaren aldeko jarrera da geurea, eta uste dut herri honek eta gainontzekoek berdintasunean oinarritutako festak bizitzea merezi dutela”. Hala ere, ongietorria “berandu” etorri bada ere, Santanok alarde parekideari harrera egin izana “positiboa” izan dela adierazi du Aizpuruak: “Positiboa da alkateak harrera egin izana, baina berandu dator. Duela 25 urte hasi zen ekimen hau, eta nahiz eta ongietorria berandu etorri, uste dugu ondo baloratzeko pauso bat dela. Espero dugu pauso hori izan dadila, gainera, hemendik aurrera udala ere antolakuntzan sartzeko”.
Erreakzioak:
Miren Etxebeste (Elkarrekin koalizioa): “Gaurkoa pauso bat da, baina gehiago egin behar dira. Hor dago Berdintasun delegaziotik landutako V. Berdintasun Plana, Emakunderen txostenean eskatzen ziren errekerimendu guztiak jasotzen dituena. Txosten oso sakona dauka erantsita, eta hor dago, prest, osoko bilkurara igotzeko eta aho betez onartzeko. Hor jasotzen da alarde parekideari babesa ematea. Hemendik aurrera espero duguna da, Irungo tradizioak esaten duen bezala, udalak antolatzea herriarekin batera alarde publiko bat. Hori izan beharko luke legegintzaldi honen helburu nagusietako bat”.
Miren Elgarresta (Emakunde): “Niretzako pozgarria eta hunkigarria izan da benetan alarde parekidea ikustea. Nik ikusi dudana da emakumeez eta gizonez osatutako alarde berdinzale bat. Zentzu horretan seinaleak ikusten dira, eta aspalditik sumatzen dira seinale ezberdinak gure herrietan. Gaur alkateak harrera egin dio alarde parekideari eta azpimarratzekoa da. Baina herrietan ere sumatzen dira beste seinale batzuk: emakumeok geroz eta espazio publiko gehiago hartzen ari gara, eta baita ere gazteek daukaten bultzada. Uste dut gazteengan jarri behar dugula itxaropena, beraiengandik etorriko da espero dugun alarde berdinzalea”.
Mertxe Aizpurua (EH Bilduko kongresuko bozeramailea): “EH Bilduk betidanik eduki du konpromisoa alarde honetan, parekidetasunaren aldeko konpromisoan. Festetan gaude, festek guztientzat izan behar dute. Lehenik eta behin, irundar guztiei festa onak opa dizkiet. Hortik aurrera, 25 urte dira emakumeak alardean parte hartzen hasi zirela. 25 urte pasa dira eta egoera normal bat da. Nahiz eta hainbat agintariek normaltzat eman gertaera hauek, bi alarde egotea gaur egun ez da normala, 25 urte pasa dira. Horrez gain, gertatu dira hilaren 22koa bezalako gertakariak, segregazioak eragiten dituen irainak eta egoera jasanezinak bizi izan ditugu. Bada garaia alarde bakar bat egotekoa, emakume guztien eskubideak babestuko dituelako, eta jende guztiaren eskubideak esparru horrek babestuko dituelako. Agintariek eta instituzio guztiek eskubide hauen egikaritza bermatu behar dute eta betebehar legal bat ere badute. Alde horretatik, EH Bilduren aldetik, bideak irekitzeko eta pausoak emateko prest gaude udaletxe honetan dagoen taldetik hasita, lehen indarra izan garen Gipuzkoan eta Madrilgo kongresu eta senatuan”.
Pilar Garrido (Podemoseko kongresuko diputatua): “Gaur egun garrantzitsua da. Elkarrekinekin etorri gara alarde parekidea babestera. Gaur, 25 urteren ondoren, oso berandu, baina pauso bat eman da. Ikusi dugu nola PSE-EEko Irungo alkatea, EAJ eta PP ez direla egon alarde parekidea bultzatzeko, baina gaur alarde parekidea jaso dute. Hori beti aurrerapausoa da, eta espero dut azken pausoa ez izatea. Uste dut jaietan denok berdintasunean gozatzeko eskubidea dugula, eta horretarako lanean jarraitu behar dugu. Are gehiago bizi dugun momentu latz honetan. Estatu mailan dugun olatu atzerakoi horrek emakumeen eskubideak murriztu nahi ditu, eta zentzu horretan, uste dut indar demokratikoek emakume eta gizonen berdintasunaren aldeko jarrera argia hartu behar dutela. Jarrera hori Irunen uneoro irudikatu behar da alarde parekidearen alde”.