Kolore berdea nagusi izan dadin borrokatuko du Hondarribiak
Hondarribia Arraun Elkarteak hiru ontzi itsasoratuko ditu aurten. Gizonen lehen taldeak onenen pare egoten jarraitu nahi du, eta emakumeak, igoera lortu ondoren, gora begira jarri nahi dute.
Erreferentziazko trainerua izan da Hondarribiko gizonena azken urteetan, eta bide horretan jarraitunahi dute aurtengo denboraldian. Iaz sasoi «oso konpletoa» egin zutela adierazi du Mikel Orbañanos Eusko Label Ligako Ama Guadalupekoa-ren entrenatzaileak, baina sari potolorik gabe geratu ziren: ligan bigarren sailkatu ziren, Urdaibaitik hiru puntura, eta Kontxako Banderan hirugarren izan ziren bermeotarren eta Donostiarraren atzetik. Aurten arantza hori kendu nahi dute.
Eusko Label Liga bihar (larunbata) hasiko da Coruñako uretan, eta taldea «ondo» dagoela aurreratu du Orbañanosek. Hondarribiarrek Gipuzkoako Txapelketa bereganatuta eta Euskadikoan bigarren izanik ekingo diote ligari. Entrenatzaileak iazko antzeko taldea izango du bere esanetara, blokea mantendu baitute. Taldeak bost baja izan ditu, eta lau alta izan dituzte eskifaia osatzeko.
Ama Guadalupekoa-ren prestatzaileak ez du ezkutatu «aurrean ibiliko diren traineruekin lehiatzeko moduan» izango direla. Iaz «irabazlea adina» ibili zirela aitortu du Orbañanosek, eta aurtengo helburua «lehengo urteko maila ematea» dela nabarmendu du: «Iazko maila lortzen badugu, handia izango da. Lehen postuetan ibiliko diren traineruekin lehian egon nahi dugu. Maila hori lortzen badugu, bizirik egongo gara, eta uda polita egiteko aukera izango dugula iruditzen zait». Neguko estropadak eta taldeen osaera ikusita, Bizkaiko eta Euskadiko txapeldun izan den Urdaibai jarri du faboritotzat.
Emakumeak
Iker Cortesek gidatutako taldeak denboraldi aparta osatu zuen iaz, eta Eusko Tren Ligarako igoera lortu zuten ETE Ligan txapeldun izan eta hamabost estropadetan hamar garaipen lortu ondoren. Sasoia biribila izan zen, eta bide horretatik hasi nahi dute aurtengoa. Cortesek aitortu du «gogotsu» daudela denboraldiari ekiteko, «eta liga berezi eta berri hau hasteko eta probatzeko».
Aurtengoa aldaketen urtea da emakumeen arraunean, EuskoTren Liga lau taldetik zortzira handitu baita. Ama Guadalupekoa-ren prestatzaileak esan du emakumeak aspalditik zetozela «maila polita» ematen, eta «behingoz» gauzatu dela aspalditik zetorren eskakizuna. Ligaren handitze horrek emakumeen arraunari eta EuskoTren Ligari «ikusgarritasun handiagoa» emango diola ziur da.
Gizonen antzera, emakumeek ere bihar hasiko dute liga Coruñan, eta Cortesek onartu du taldea «ondo eta gogotsu» dagoela. «Asko eta ondo entrenatu dugu negu guztian, eta neskak ondo iritsi dira hasierara», esan du. Gipuzkoako Txapelketan laugarren izanik, eta Euskadikoan bosgarren sailkaturik ekingo diote hondarribiarrek ligari.
Cortesek baietsi du iazko antzeko taldea izango dutela, igoerako blokea mantendu baitute. Bi baja eta alta bat izan dituzte, baina ia talde berbera izango dute, oso gaztea: «Blokea mantendu dugu eta hori oso garrantzitsua da».
Ama Guadalupekoa-ren prestatzaileak aitortu du helburu nagusia maila mantentzea dela. Hala ere, Cortesek argi du play offa ekidin eta lehen txandara begira egon nahi dutela.
Gizonen B trainerua
Hondarribia Arraun Elkarteak lehian duen hirugarren eskifaia da gizonen bigarren taldea. Eurek, dagoeneko, ekin diote denboraldiari, KAE1 Ligako lau estropada lehiatu baitira. Momentu honetan sailkapenaren bederatzigarren postuan dira 17 punturekin. Talde gaztea dute, eta maila mantentzen ahaleginduko dira. Bihar itsasoratuko dira berriz ere Pasaiako uretan, sasoiko bosgarren estropadan.