Ongi eTourri
Badatorrela gizonezkoen Frantziako Tourra. Lehen hiru etapak EAEn eta Lapurdin barrena, eta sartu-irtentxo bat Zuberoako Basabürüan bosgarren etapan. Neroni ere txirrindularitza zale amorratua naizen aldetik, gertutik jarraituko dut Pogacar eta Vingegaarden arteko lehia. Landismo pixka batekin, nola ez.
Le Tour, c’est le Tour. Hala saltzen da Frantziako lasterketaren mistika eta tamaina erraldoia. Baina oro ez da urre Prudhomme jaunaren pastelean. Baditu orbanak, mendiko maillotak nola. Eta uste dut zalerik porrokatuenari ere badagokiola halako festaren aurkiaz gozatzeaz gain ifrentzuari ere erreparatzea.
Eztabaidatu behar delako zenbateraino den zilegi diru publikoaren kutxako 15 milioi euro halako parafernalian gastatzea. Eta modu ez oso gardenean gastatzea ere, Ahoztar Zelaietak berriki idatzi duenez. Azaldu beharko litzateke nori ekartzen dion etekina eta nori galera. Zeren ostatu, jatetxe eta hotel asko lepo beteko diren bitartean, diot nik errepideak ordu luzez ixtea ez zaiola debalde aterako beste askori, eta batzuen Tourra besteen turra izan daitekeela. Tamalez, badirudi greben eta lan-gatazken inpaktu ekonomikoa hain zorrotz kalkulatzen dituen algoritmoak ez duela funtzionatzen kasu hauetan, dena delakoagatik.
Zalantzan jar genezake ea elegantea den halako dirutzak gastatzea eliteko ziklistak ekartzen, bertako emakumeen eta gazte mailako txirrindularitzaren egoera horren erdipurdikoa den honetan. Eta debalde lan egingo duten boluntario eske harrobiko klub horiengana jotzea ez ote den euren aurpegian barre egitea. Aipatu beharko da, halaber, zeinen justifikaezina den Tourraren zirkuak hiru astez uzten duen aztarna ekologikoa. Eta zeinen inkongruentea urte luzez Espainiako Vueltarekiko mesfidati izan garen hegoaldetarrok Frantziako Tourrari halako erreberentzia egitea.
Jakin nahiko nuke, baita ere, halako makroekitaldiak antolatzearen sukarrak mikro izatearen konplexurik ez ote duen ezkutatzen. Eta hainbesterainoko jendetzak kasik kirol ekitaldietarako bakarrik mugitzeak zer esaten duen gutaz. Ezin ahaztu, bestalde, Basque Country hiru egunez Bike Country izan daitekeen arren, oraindik ere egunerokoan bizikletaz funtzionatzea oso nekeza dela Euskal Herrian, eta askoren begietara xelebrekeria progre hutsa.
Sportwashing-aren afera ere nahiko nuke ekarri hona. Euskal errepideetan barrena pasako baitira 176 txirrindulari paparrean daramatzatenak Ibex 35eko enpresen izenak, petrolio konpainienak, aseguru etxeenak, auto fabrikatzaileenak, industria farmazeutikoarenak eta kreditu konpainienak. Eta horri gehitu behar zaie Kazakhstan, Bahrein, Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak eta gertuagotik tokatzen zaidan Israelen labela daramatenak.
Populismo merkea litzateke, eta ez oso koherentea nire partetik, boikotaren aldarriari helduko banio hemen. Akaso «merkatua da, lagun». Baina txirrindulariak banku baten logotipoa daraman ikurrinarekin animatzeko grina berezirik ez duen zale horri galdegingo nioke eraman dezala beste bandera bat, hiruki gorri baten azpian marra zuri, berde eta beltza dituena. Nago tripako minen bat edo beste eragingo zukeela horrek Lur Sainduan.
Eta irribarreren bat ere bai, ziurrenik. Alaa al-Dali gazatarrarena, kasu. Puntako txirrindularia, Al-Dali Palestinako txapeldun nazionala izan zen 2018an eta Asiako Jokoetarako txartela eskuratu zuen. Urte hartako martxoaren 30ean Itzulera Handiaren Martxara joan zen, beste milaka gazatarrekin batera, Israelen blokeoaren aurka protesta egitera. Gazako hesitik 300 metrora zegoen manifestariei begira, bere bizikleta eta txirrindulari arropa eta guzti, frankotiratzaile israeldar batek tiroz eskuineko hanka txikitu zionean.
Belaunetik behera hanka ebaki behar izan zioten Al-Daliri, baina ez zuen hargatik bere bizikleta asmoekin etsi. Flavia Cappelliniren Tour de Gaza dokumental laburrak erakusten duen gisan, Gazako lehen txirrindularitza egokituko taldean korritzen du orain Al-Dalik, eta Paralinpiar Jokoetan Palestinaren izenean parte hartzea du amets.
Le Tour, c’est le Tour, eta nire apustua da Vingegaardek jantziko duela horia Parisen. Baina Al-Daliren erronkaren aldean, Tourra ez da horren Tour.