[Erreportajea] Detailerik galdu ez dezaten
Arraunean erabiltzen diren materialen gainean hitz egiterakoan, gutxitan aipatzen den elementua da lemazainen entzungailua. Ezinbestekoa ez den arren, aukeran denek nahi izaten dute.
Arraunaren munduko xehetasunak gero eta gehiago ezagutzen dira. Teknologiaren bidez ere informazio ugari dago denen eskura. Telebistako irudiek inoiz baino kalitate handiagoa dute eta arraunlarien hurbileko irudiak eskaintzea bermatzen du horrek. Hartara, garai batean oharkabean igaroko liratekeen detaileez jabetu daitezke arraunzaleak.
Kirolariek, arraunaz gain, beste hainbat material ontziratu behar izaten dituzte. Irudietatik, estroboa, esparatrapua, edo palada kontagailua ikus daitezke, akaso. Baina bada beste aparailu bat apenas atzematen dena: patroiek darabilten entzungailu edo pinganilloa. Ezinbestekoa ez den arren, gutxitan ikus daiteke patroiren bat gailu hori gabe. Ezker edo eskuin belarrian eramaten duten aparailu txikia da, eta sakelako telefono baten funtzioa du.
Arraunlariak itsasoratzen direnean, beraz, ez daude bakarrik. Entrenatzailea edo taldeko beste pertsona garrantzitsuren bat izaten dute alboan edo belarri aldean. Estropada eremutik kanpo ikusten den informazioa eskaintzen diete arraunlariei. Egun, informazio ugari azaltzen da telebistan: GPSaren datuak (zein kaletan doazen jakiteko), kalerik azkarrenak zeintzuk diren, haizearen norabidea, traineruen arteko distantzia edota aurkariekiko segundo aldea. Datu horiek guztiak aurikular bidez jasotzen ditu patroiak.
Ontzia gidatzea, erritmoa markatzea, argibideak ematea edota entrenatzaileari entzutea… dena batera egitea ez da lan erraza izaten. Hala onartu dute Ioseba Amunarrizek Hondarribiko patroiak, Zuriñe Alberdik Hibaikako lemazainak eta San Juango Ander Egañak. «Zaila da, bai. Askotan berak [Mikel Orbañanosek] hitz egiten duenean isildu egiten naiz entzuteko. Ondo etortzen da batzuetan isiltzea. Beraiek [arraunlariek] badakite entrenatzailea kanpotik hitz egiten ari dela, eta hori, denentzako mezua da», kontatu du Amunarrizek. Alberdik hasieran entzungailua eramatea arraroa egin zitzaiola azaldu du, baina azkenean ohitu egin da. Egañak, bestalde, elementu berri bat mahaigaineratu du: haizea. «Haize asko baldin badago entzungailuan sartzen zaizu, eta ez duzu asko entzuten. Orduan bai zaila izaten dela dena batera egitea».
Entzungailua, gainera, «segurtasuna» eman dezakeen erreminta da. «Zerbait gertatzen bada, palen ukitu bat, bestearen kalean sartzea edo horrelakoak, erreminta bat duzu jakiteko nondik zoazen denbora guztian», azaldu du Amunarrizek. Aurikularrik gabe uretaratzeak, baina, ez du hondarribiarra urduritzen. Hibaikako lemazaina ere iritzi berekoa da: «Informazio aldetik uste dut baietz, eragina izango lukeela, baina azkenean denak ateratzen gara gure %100 ematera eta informazio hori, nolabait, lagungarria da. Zenbaitetan entrenatzailearen lasaitasunerako ere izaten da». Erreka-ren lemazainak badu esperientzia entzungailurik gabe lehiatzen; izan ere, behin baino gehiagotan itzali edo deia moztu zaiola azaldu du. «Horrelakoetan antzerki pixka bat egin izan dut, ezer pasa ez balitz bezala. Tentsio pixka bat senti daiteke, baina azkenean zure lehiakideak txanda berean baldin badituzu ez da hainbesterako, ikusten dituzulako».
Entzungailuaren beste aldean dagoenak ere paper garrantzitsua izaten du. Argibideak ematerako garaian jarrera lasaia izatea eskertzen dute hirurek. Amunarriz: «Estropada garaian pultsazio altuak eta nerbioak aztoratzen dira. Gauzak azkar esaten badituzu ez da ezer ulertzen. Mezua lasai eta garbi esan behar da». Egañak aitortu du entzungailua itzaltzera heldu zela behin batean: «Beste talde batean nengoenean bagenuen oso urduri jartzen zen entrenatzaile bat. Behin baino gehiagotan esan behar izan nion lasaitzeko, ez bainuen ulertzen. Baina gutxitan gertatzen da hori. Entrenatzailearen lehenengo urtea ez bada, egoeraz kontziente izaten dira». Alberdik, bestalde, barre urduri batekin erantzun dio galderari. Izan ere, inoiz kasu egiteari utzi diola aitortu du. «Ulertzen dut kanpotik urduritasuna gestionatzea zaila izan daitekeela, baina azkenean mezu hori zuk duzun urduritasun puntu horrekin gestionatu behar duzu, arraunlariei ez transmititzeko. Orduan, egia da ez dudala inoiz deia moztu, baina pixka bat deskonektatu edo bolumena jaitsi, jaitsi izan dut».
Ezin dena kontrolpean izan
Estropada eremu guztiak ez dira berdinak, eta zenbaitetan konexio arazoak izaten dira. Donostiako badian, esaterako, Kontxako estropadan, Aquariumetik igarotzerakoan estaldura joan egiten dela aipatu du Amunarrizek. Hibaikakoak, berriz, konturatu gabe bizpahirutan garbigailuan sartu zituela kontatu du.