[Elkarrizketa] "Arraunlariak akonpainatuta sentitu behar dira"
Hiru urte daramatza hondarribiarrak Orioko Arraun Elkartean. Emakumezkoen zein gizonezkoen taldeetako arraunlariak artatzen ditu. Lesioak ekiditeko modurik onena asteroko jarraipena egitea dela uste du.
2023an Mendelu auzoan zabaldu zuen Fructuosok bere fisioterapia kontsulta propioa. Aurretik, baina, beste enpresa baten bitartez artatzen zituen arraunlariak. Oso kontent agertu da elkartean egiten duen lanarekin.
Zein da Orioko Arraun Taldearekin egiten duzun lana?
Aldatzen joan da. Lehenengo urtean arraunlariak zuzenean etortzen ziren gure zentrora, puntualki, beharra zutenean. Bigarren urtetik aurrera eredua aldatu egin zen. Astean bi edo hiru egunetan joaten hasi nintzen Orioko elkartera.
Aldea sumatu duzu?
Ikusi dudan aldaketa izan da jarraipen hobea egiten dela. Arraunlariek beren bizitza dute. Jakina den bezala ez da kirol profesionala, eta, beraz, arraunlariek aparteko lanak izaten dituzte. Astero elkartean egoterakoan, nolabait, oharkabean gera litezkeen lesioak edo gainkarga txikiak garaiz arta ditzakegu.
Hortaz, uste duzu jarraipen zehatza egitea beharrezkoa dela?
Bai, uste dut garrantzitsua dela elkartean egotea eta arraunlariak zuzenean entzutea, egunerokotasunean dituzten sentsazioak jaso, molestia txikiez jabetu… Azken batean, beren egunerokotasunean egotea. Era horretan, lan-karga edo bolumen gehiago duten egunak zeintzuk diren jakiten duzu eta medikuarekin, entrenatzaileekin eta prestatzailearekin kontaktuan zaude.
Lesioak momentuan artatzen dituzu, baina zure lana garrantzitsua da prebentziorako ere bai, ezta?
Bai, lesioak artatzen ditut, baina batez ere lesiorik ez dutenekin lan egiten dut. Normalean, arraunlariek entrenatzen jarraitzen dute. Batez ere gerrialdeko, bizkarraldeko edo, nesken kasuan, zerbikaletako edo sorbaldako molestiaren bat izaten dute. Horiek garaiz hartzen baditugu, ondoren, lesio bilakatzea ekiditen dugu.
Arraunlarien oso gainean zaude, beraz. Estropada guztietara joaten zara aldi berean. Estropaden aurretik masajea ematea ona al da?
Egia esan, ideia hori ez da nirea izan. Elkartera heldu nintzenean dagoeneko egiten zuten zerbait zen. Interesgarria dela uste dut, lehen aipatu bezala arraunlarien egunerokotasunean zaudelako, baina, kasu honetan, alderdi psikologikoan. Zintzoki, estropadaren aldez aurreko lana ez da ezinbestekoa. Azken batean masaje txiki bat ematen diet. Baina interesgarria iruditzen zaidana da lesionaturik zeudenean zaindu zintuen pertsona hori gertu sentitzen dutela. Bi edo hiru gauzatxorekin kirolariek uretara joateko prest daudela sentitzen dute.
Masajea obsesio bihurtzeko arriskua dago?
Arriskua badago. Baina zorionez, eredu honekin lanean hasi nintzenean taldeko medikuak, kirolariak nola tratatu jakiteko, zenbait aholku eman zizkidan. Eta gogoan dut arrisku honi buruz hitz egin zidala. Esan zidan: «Mimatu egin behar dira, baina ez gehiegi». Akonpainamendua sentitu behar dute, ezin dira terapiaren menpeko bihurtu. Hortaz, aholkuari segika, beharrezkoak ez diren zitak ondo kudeatzen saiatzen gara medikuen, entrenatzaileen eta nire arteko komunikazioaren bidez.
Zein dira orain artean ikusi dituzun lesio edo gainkarga ohikoenak?
Batez ere, atzealdeko tentsio muskularrak izaten dira. Azken batean, hori delako gehien erabiltzen duten zonaldea. Gero ere, bitxia iruditzen zait postuz aldatzen dituztenean gluteoen inguruan gainkargak izateko tendentzia dagoela. Bestalde, emakumezkoen kasuan trainerua gizonezkoen berdina denez, altuerak ez daude berdin egokituta, eta orokorrean, baxuagoak direnez, gizonezkoek baino keinu deserosoagoa egin behar izaten dute. Arrauna altuago ekarri behar dute. Hortaz, emakumezkoen taldean lepoko edota sorbaldako gainkargak ohikoak izaten dira. Gainera, beren eskuak txikiagoak direnez, nahiz eta neurri batean heldulekua egokitu daitekeen, arraunak esku handiagoentzako pentsatuta daude. Horrenbestez, besaurreetako gainkarga ere izaten dute sarri. Gizonezkoen kasuan, gerrialdea, gluteoa edota psoasa izaten dira artatu beharrekoak.
Neguko edo udako entrenamenduen arabera ere lesio edo gainkargak aldatu egiten dira?
Bai. Entrenamenduak zenbat eta luzeagoak izan, orduan eta gehiago sumatzen dut muskularki ez dutela errekuperatzeko betarik izaten. Tratamendua egin eta hurrengo egunean entrenatzen jarraitzen dute, eta lesio berarekin jarraitzen dute. Neguan gehiago lesionatzen dira udan baino. Udan gauza puntualagoak izaten dira, estropada batean zaintiraturen bat jasatea, adibidez. Kasu horretan, bertan nagoenez, egunean bertan artatzen dut arraunlaria.
Material bereziren bat behar izaten duzu?
Normalean ez dut material askorik erabiltzen. Kontaktua duten kirolekin alderatuz, futbolarekin, errugbiarekin edota eskubaloiarekin adibidez, arrauna errepikakorra da, keinu berberak egiten dituzte behin eta berriz: artikulazio eta lotailuek gutxiago sufritzen dute. Normalean, masajerako olioa eta krema beroa erabiltzen ditut soilik. Bestetan, orratzak erabiltzen ditut ere puntu zehatzak bilatu eta zuzenean horietan eragiteko.