Emakunde Irunen izango da bihar alarde parekidea babesteko
Sostengua eman eta lankidetza eskainiko diote alarde parekideari, "emakumeek, gizonen baldintza berdinetan, horrelako ekitaldi publiko, jai giroko, herrikoi eta parte hartzaile batean parte hartu dezaten".
Bihar, hilak 30, San Martzial eguna ospatuko da Irunen. Egun handia da irundarrentzat, alardearen desfileak hiriko kaleak hartuko baititu. Emakundek jakinarazi du Miren Elgarresta zuzendaria eta Josune Irabien idazkari nagusia Irunen izango direla bihar alarde parekideari sostengua emateko. Emakundek adierazi du babesa eman nahi diola alarde parekideari, eta lankidetza eskaini nahi dio, “emakumeek, gizonen baldintza berdinetan, horrelako ekitaldi publiko, jai giroko, herrikoi eta parte hartzaile batean parte hartu dezaten”.
Elgarrestak nabarmendu du “adi” egon behar dutela “benetan berdintasunezkoak diren jaiak ospatzeko bidean” lagundu dezaketen aldaketa seinale guztiei. Alde horretatik, Emakundeko zuzendariak aukeratzat jo du “emakumeek eta gazteek erakundeetan eta gizarte mugimenduetan erakusten ari diren gero eta lidergo handiagoa”. Horrez gain, Elgarrestak onartezintzat jo du gatazka hurrengo belaunaldietara pasatzea; hori dela eta, “elkarrizketa, akordio eta lankidetzaren” alde egin dute.
Emakunderen ustez, tradizioak herrien gizarte kohesioaren “funtsezko elementuak” dira, “testuinguru jakin batean” sortu zirenak, eta egokitu behar dira “emakume eta gizonei eskubide berbera emateko eta garai berrietara egokitzeko, eboluzionatu behar dute”; hain zuzen ere, “pertsonen berdintasunaren alde gero eta sentsibilizazio handiagoa duen gizarte honetara”.
Emakunderen zuzendariak gogorarazi du “argi” ikusten dela “euskal udalerriak jaietan berdintasunerantz urratsak egiten” ari direla, eta hala ikusten dela haiek sustaturiko honako ikerketan: Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko jaietan emakumeek parte hartzeko estrategiak. Txosten horretan EAEko bederatzi herrietan egindako aldaketa prozesuak aztertzen direla zehaztu du Emakundek. Herri horiek Gasteiz, Amurrio, Laudio, Bilbo, Berriz, Gernika, Donostia, Tolosa eta Antzuola dira.