[Bideoa eta galeria] Irundarrak San Pedro eguna ospatzen ari dira
Irungo Udaleko udalbatza berria jarraigoan joan da San Juan plazatik Junkaleko Andre Mariaren elizara, eta meza bukatu ondoren, udalbatzako kide guztiek aurreskua dantzatu dute Junkaleko plazatxoan.
Gaur ekainaren 29a da, San Pedro eguna, data berezia Irunen. Gaur goizean, ohikoa den bezala, Irungo Udaleko udalbatza jarraigoan joan da San Juan plazatik Junkaleko Andre Mariaren elizara, Irungo Txistulari Taldearekin, Irun Hiria Musika Bandarekin eta Irungo Atsegiñako Erraldoiekin batera.
11:00etan meza nagusia hasi da Junkal parrokian, eta meza bukatu ondoren, udalbatzako kide guztiek aurreskua dantzatu dute Junkaleko plazatxoan. Jendetza bildu da Irungo Udaleko udalbatza osoa dantzan ikusteko. Aurreskua bukatuta, udalbatza berriz abiatu da San Juan plazara jarraigoan txistulari, banda eta erraldoiekin. San Juan plazara iritsitakoan, erraldoiak dantzan jarri dira. Ekitaldi hori bukatuta, 12:30eko San Pedro eguneko kontzertu tradizionala egin da udaletxeko arkupeetan, Irun Hiria Musika Bandaren eskutik.