Frantziako Tourrak aldaketak eragingo ditu hirian
Frantziako Tourreko pelotoia Irunen izango da uztailaren 2an eta 3an, eta lasterketaren etorrerak ondorioak izango ditu trafikoan edo mugikortasunean.
Frantziako Tourra larunbatean hasiko da Bilbon, eta lehen hiru etapak Euskal Herriko errepideetan lehiatuko dira. Irunera bigarren eta hirugarren etapak iritsiko dira, uztailaren 2an eta 3an, eta Tourreko pelotoia hiritik pasatzeak ondorio batzuk izango dituela adierazi du Irungo Udalak. Hori dela eta, udalak udal bando bat argitaratu du Tourrak eragingo dituen auziak herritarrei jakinarazteko. Udal bando horrek lasterketa hiritik igarotzeak duen garrantzia nabarmentzen du, baita trafikoan eta mugikortasunean izango diren aldaketei dagokien informazio praktikoa ere.
Tourraren etorreraren harira emandako jarraibideak betetzeko eta aurreikusten diren zirkulazio etenak errespetatzeko arreta berezia jartzeko eskatu du udal erakundeak, baita segurtasun arrazoiak direla eta ikusleak errepidean ez sartzeko ere. Horrez gain, San Pedro eta San Martzial jaiak bukatu berri izango direnez, hiriko banderak balkoi eta leihoetan zintzilikatuak uzteko deia luzatu du udalak txirrindulariei harrera egiteko. Informazio gehiagorako, Irungo Udalak Tourraren atal berezi bat ahalbidetu du bere webgunean. Herritarrek bertan aurkituko dute Tourraren etorreraren inguruko informazio oso-osoa.
Pelotoia igandean, uztailak 2, iritsiko da lehenbizikoz Irunera. Txirrindulariak Gurutzeko gainetik sartuko dira hirira, eta handik Tesako biribilgunera joko dute. Letxunborro hiribide osoa egingo dute, eta Zubimusu plazatxoan Hondarribira joango dira. Publizitatearen karabana 14:46an pasako da Irundik; Tourra 16:23an iritsiko da hirira; eta zirkulazio etenak 13:30etik 17:40era bitartean egongo dira. Bideak ere itxita egongo dira, eta ez da galtzada gurutzatzerik izango. Honako kaleak egongo dira itxita:
- Letxunborro hiribidea: osorik, bi noranzkoetan.
- Elizatxo hiribidea: Porcelanaseko biribilgunetik Cafe Iruneraino.
- Aldabe Mendia kalea: Burniolako biribilgunetik ospitaleraino.
- Ospitale kalea: Puiana hiribidetik Letxunborro hiribideraino.
- Anaka kalea: Aiako Harria kaletik Letxunborro hiribideraino.
- Jaizkibel kalea: Agerre kaletik Aiako Harria kaleraino.
- Hondarribia kalea: Antzaran plazatik aurrera.
- Zubimusu plazatxoko sarrera: GI-636 errepidetik aurrera.
Igandean ere, uztailak 3, Tourreko pelotoia hirian barrena ibiliko da. Lasterketa Urdanibia hoteleko biribilgunetik sartuko da. Letxunborro hiribidean aurrera, Anaka kalean bira egin eta Irun erdialdean sartuko dira, Geltoki kaletik. Colon ibilbidean barrena, Iparralde hiribideraino joan, eta handik, hiritik aterako dira: Bidasoa gurutzatu, eta Ficoba aurretik, Baionarantz joko dute. Publizitatearen karabana 14:20ean pasako da; lasterketa 16:03an iritsiko da Irunera; eta zirkulazio etenak 13:05etik 17:20era bitartean egongo dira indarrean. Bideak ere itxita egongo dira, eta ez da galtzada gurutzatzerik izango. Honako kaleak egongo dira itxita:
- Letxunborro hiribidea: osorik, bi noranzkoetan.
- Elizatxo hiribidea: Porcelanaseko biribilgunetik Cafe Iruneraino.
- Aldabe Mendia kalea: Burniolako biribilgunetik ospitaleraino.
- Ospitale kalea: Puiana hiribidetik Letxunborro hiribideraino.
- Anaka kalea: osorik, bi noranzkoetan.
- Jaizkibel kalea: Anaka kaleraino elkargunean.
- Geltoki kalea: osorik.
- Colon ibilbidea: osorik, bi noranzkoetan.
- Iparralde hiribidea: osorik, bi noranzkoetan.
Aldaketak Irunbusen
Frantziako Tourraren etorrerak ere eragina izango du Irunbus zerbitzuan. Hiri barruko autobusen ibilbide eta ordutegiak ezohikoak izango direla jakinarazi du udalak. Igandean, Tourrak 13:30etik 17:40ra eragingo dio autobus zerbitzuari. Astelehenean, aldiz, 13:00etik 17:30era bitartean.