Elkarrekin koalizioak alarde parekideari harrera egiteko eskatu dio Santanori
David Nuño bozeramaileak uste du urratsak emateko garaia heldu dela jai inklusiboen aldeko apustua egiteko eta berdintasunaren alorrean aurrera egiten jarraitzeko.
Irungo Elkarrekin koalizioak, martxoan publiko egin zuen moduan, jai inklusiboen aldeko apustua berretsi du beste behin. Inklusio hori bermatzeko, David Nuño koalizioaren udal bozeramaileak zehaztu du “udalak, udalbatza berriak eta Jose Antonio Santano alkateak urrats bat aurrera” egin behar dutela.
Hori dela eta, aurten ere, Elkarrekinek alkateari eskatu dio ostiralean alarde parekideari harrera egitea udaletxeko balkoian. Nuñok adierazi du 26 urteren ondoren “garaia dela aurrera egiteko” eta udalak “eredu” izan behar duela Jose Antonio Santano buru delarik. Nuñok nabarmendu du San Juan plazako jazotako gertakariak ezin direla berriz pasa: “Udalak horrelako egoerak ekidin behar ditu, ez baitute jaietan berdintasuna bermatzen”.
“Alkateak Irungo hiri osoa ordezkatzen du, ez soilik zati bat. Santanok balkoira atera behar du alarde parekideari harrera egitera, gure taldeak egingo duen bezala”, jakinarazi du Nuñok, esanez iazkoa horretarako “une aproposa” zela. 2022ko jaietan, “aurretik inoiz eman ez zen gertakari bat” eman zen, Miren Etxebeste Irungo Udaleko Berdintasun ordezkariak Irungo bandera eman ziolako alarde parekideari. Alkatea, ordea, bertan izan ez zela gogorarazi du Nuñok.
Hala ere, Nuñok uste du aurtengo jaiak “inflexio puntua” izan daitezkeela “Irunek berdintasunaren alorrean urratsak egiten jarraitzeko”. Horrez gain, Nuñok jakinarazi du Elkarrekin koalizioak ez duela San Martzialeko botoan parte hartuko “hertsiki instituzionala” ez bada. “Pandemia garaian egin zen, hortaz, ez dago aitzakiarik berriro ez hartzeko”, esan du Nuñok.
Elkarrekinek uste du “alarde parekidearen harrera eta botoa instituzionalki egitea eman beharreko urratsak” direla “alardearen antolakuntza udaletik ateratzeko”. “Alardearen antolaketak gizon eta emakumeen parte hartzea dakar, berdintasunean. Hau da, udalak berriz izan behar du protagonista Irunek benetako alarde publikoa eta parekidea izan dezan”, adierazi du Nuñok.