Uvescoren aurrean, soldata kobratu nahi dutela eskatu dute garbitzaileek
Dai96 azpikontratak ordainketak egin behar baditu ere, Uvescorena ere badela ardura salatu dute langileek. Urte luzetatik bizi duten problema da, eta egun, hilabeteak daramatzate soldatak kobratu gabe, Dai96rekin kontaktatu ezinik, eta ordezkapenak bete gabe.
Uvesco enpresak azpikontratatuta daukan Dai96 garbiketa enpresako langilek elkarretaratzea egin dute Uvescoren atarian. Soldata kobratu gabe hainbat hilabete daramatela; soldata kobratzekotan, ia hilabetea bukatzean kobratzen dutela; eta ordezkapenak behar direnenean ez daudela bermatuta salatu dute. ELA sindikatuak deitu eta babestu du deialdia.
Dai96 enpresa ordainketak egin behar dituena bada ere, Uvesco seinalatu du Xabier Etxaniz ELA sindikatuko ordezkariak: “Uvesco egoeraren jakitun izanda beti. Beraiek diote ordaintzen diotela azpikontratari, baina gero Dai96 dela diruaren kudeaketa txarra egiten duena”.
Gainera, bi enpresetatik batek ere ez duela nahi arazoaren kargu egin salatu du Ainara Arangibel LABeko delegatuak: “Uste dut momentu honetan pilota Uvescoren teilatuan dagoela, egoera honi soluzioa eman behar diolako. Aurrekontua igo beharko luke enpresa berri bat sartzeko subroga gaitzaten, eta soldata duin batzuekin egon gaitezen lan karga bidezkoarekin”.
Ez dela hilabete bat edo biko kontua salatu du Maria Eugenia Capa langileak: “Urtarriletik daramagu kobratu gabe, baina aurretik, beste hilabete batzuetan gaizki ordaindu digute, edo nominaren erdia bakarrik. Baina, orduan, hilabetearen barruan ordaintzen ziguten. Ez ordaintzearen arazoarekin urtarriletik gaude”.
Gainera, urtarriletik soldata kobratu gabe zeuden batzuk martxoan hasi direla orduko soldata jasotzen deitoratu du Capak, baina martxoko ordainketa hori “hiru hilabete ordaindu gabe ez zezaten pasa” egin zutela azaldu du langileak, “salaketarik ez jartzeko”. Beraz, hiru hilabete zor zietenean, bakarra ordaindu zietela berretsi du. Bere kasuan, apirileko soldata ekaina hasieran kobratu duela salatu du Capak.
Arangibelek mahai gaineratu egin du urte luzetako auzia dela: “Nik zazpi urte daramatzat enpresa honetan, eta ordutik ari naiz hau sufritzen. Ordainketak gaizki, nominak gaizki, ez dizute ordezkatzen, ez zaigu behar ditugun produktuak iristen… Urtetatik gertatzen den zerbait da eta Uvescok hau badaki”.
Telefonoari ez dietela erantzun ere egiten salatu du Capak. Orain, gainera, oporrei begira hots egiten ari dira, ordezko langileren bat egongo den jakiteko. Izan ere, ordezkoen falta ere bada problema Arangibelen esanetan: “Ordezkorik ez izateak, faltan dagoen lanpostu horretako lana ere egitera bultzatzen zaitu, eta ez dizkigute ordu horiek ordaintzen. Zorra biltzen ari gara eta ez dakigu hau guztia nola konponduko den”.
Uvesco enpresarenak dira BM eta Super Amara supermerkatuak, eta dituzten establezimendu handietan ordezkapenik ez denean langile bat bakarrik egoten dela lanean salatu du Capak: “Ez digute lankiderik bidaltzen handiak diren bi BM supermerkatuetara. Lankide batzuk bakarrik daude eta fardel handia dute gainean. Nekatuta daude”.
Lankideak “oso gaizki” pasatzen ari direla adierazi du Arangibelek, “bi hilabete daramatzagu kobratu gabe eta lankide batzuk ezin dute alokairua ordaindu, ez argindarra, ez deus”.
Telefonoari erantzuten ez dietenez, garbitzaileek haien jardunerako behar duten materiala edota arropa faltan dutenean, ez dutela baliabideak eskatzeko biderik ere salatu dute.
Azpikontratatutako enpresa honekin zergatik eta noiz arte segituko duten galdetzen diote Uvescori denek. “Ja sei- zazpi urte daramatzate berdin, eta jakin nahi dugu Dai96 enpresarekin hausteko zenbat langilek etorri behar duten negarrez sindikatura”, deitoratu du Etxanizek.
Capak subrogazioa eskatu du: “Uvescok subrogazioa egin behar zuen, baina oraindik ez dute egin. Isilean negoziatzen ari dira eta, beraz, ez dago auzi honen ardura hartu nahi duen enpresarik. Guztiz babesgabe gaude. Ez dago modurik”.
Bestetik, Etxanizek azaldu du gaurko elkarretaratzera hainbat langile ez direla joan, eta ez du kasualitatetzat hartu nahi izan etorkinak izatea langile horiek: “Esan behar da langile ia guztiak emakumeak direla, gehienak jardunaldi partzialak dituztela, eta hemen gaur etorri direnak, esan dezagun, etorkinak ez direnak direla. Plantillan etorkinak diren pertsonal zabal bat dauka Dai96k, salatzeko beldurrez egoten dira eta azpikontrata horretaz baliatzen da”.
Elkarretaratzea
Langile guztiak elkartu direnean, Uvescoren kanpoko instalazioetara joan dira langileak, ingurua zikintzen, protestan. Bertara sartu dira, bertatik ikusten baitira enpresaren bulegoak.
Momentu batean ertzainak agertu dira, eta ELA sindikatuko ordezkariari zuzendu zaie esanez inguru hori pribatua zela eta ezin zutela bertan egon. Bertan lanean zebiltzan kamioiek ezin zutela lan egin ere argudiatu dute agenteek. Bada, ELAko ordezkariari protestan zeuden langileei bertatik mugitzeko eskatzeko esan diote.
ELAko ordezkaria identifikatu dute eta dokumentua bueltatu arte ez zela mugituko esan diote. Ertzainak “bien bitartean goazen kontua bizkortzen” erantzun dio.
Ordezkaria mugitzen ez zela ikusita, ertzainak zuzenean langileengana joan dira, eta mugitzeko eskatu diete zuzenean haiei. Langileek ere ez dute mugitu nahi izan, eta identifikatzeko eskaera egin diete. Langile batek hala egin du. Segidan, langileak eremutik irteten hasi dira. Ez da oldarraldirik egon, tentsio momentu txiki bat soilik.
HITZAko langilea gertatzen ari zen guztia dokumentatzeko grabatzen ari zela, ertzain bat gerturatu eta “erabilera okerra” egin dezakeelakoan kazetaria identifikatu du ere bai.