«Ongi pasatzeko ginen han, eta beldurtu gintuztela sentitu genuen»
Pasa den ekainaren 22an 'kubata konpainia'-k eraso egindako neskekin bildu da HITZA. Argi dute "emakumeak" direlako eraso egin zietela.
Eraso matxista baten bideo bat publiko egin da, pasa den ekainaren 22 gauean grabatutakoa Irungo San Juan plazan, jaien testuinguruan. Bertan, alarde baztertzaileko kideek osatzen duten konpainia ez ofizial ezta formal bateko kideak joan daitezela, joan daitezela oihukatzen ageri dira, ikusten ez diren eta plazan txilibituarekin zeuden bi neskari. Momentu batean Cara al sol abestia ere jotzen du batek. (Herrian, kubata konpainia bezala da ezaguna aipatutako konpainia, eta alarde baztertzailekoek entseguak bukatzean batzen dira, modu informalean festa segitzeko asmoarekin).
HITZA erasoa jasan zuten bi neskekin elkartu da, gertatutakoaren testigantza jasotzeko. Haien anonimotasuna bermatze aldera, erantzunetan asmatutako inizialak erabili ditu hedabide honek, biktimekin hala adostuta.
Zuek bertan zineten, eta zuei oihukatu zizueten joateko. Zer gertatu zen?
O.G: Gu, berez, Moskuko plazan ginen eta esan genuen, «bada, igoko gara gora [San Juan plazara], beste tragoxka bat hartzera?» Baietz erabaki genuen,. Igo ginen eta kubata konpainia ikusi genuen, animatu ginen gu ere, eta sartzea erabaki genuen. Gure txilibitua hartu genuen, jarri ginen iskina batean, gu biak, eta listo. Hasi ziren beraiek ere txilibitua jotzen, eta bi metrotara gelditu zuten konpainia guztia, eman zuten buelta, hasi ziren guri begira, eta «joan daitezela» esaten hasi ziren, danborra jotzen ziguten bitartean. Guk gure buruari galdetzen genion ea gugatik egiten zuten hori. Ez genuen ulertzen. Orduan, neska bat etorri zitzaigun, eta esan zigun guri zuzentzen ari zirela, gu joan arte ez zutela segituko. «Zer?», esan genuen guk.
J.K: Hasieran, kostatu zitzaigun jakitea guregatik zela. Izan ere, lehengo urtean ere bai alarde parekideko beste neska batzuk sartu ziren plazara momentu horretan, eta ez zen ezer gertatu. Gu bertara joan ginen festa segitzeko asmoarekin. Aurretik ez genekien haiek hor zeudela ere. San Juan plaza ingurura iristean ikusi genituen lerrokatzen, eta esan genuen «goazen ongi pasatzen segitzera».
O.G: Jendea barrezka hasi zitzaigun. Okerrena da emakumeak ere bazeudela guri barrezka. Ez genuen babesik sentitu. Gero, gure lagunak etorri ziren.
J.K: Bai, gure lagunak plazaren beste aldean zeuden, oihukatu zigutena entzun zuten ere bai, hasieran zalantza izan zuten ea guganakoak ziren oihu horiek. Badaezpada etorri ziren, eta biak bakarrik ikusi gintuzten besteen oihuen artean.
O.G: Gero, konpainia horretako kide bat etorri zitzaigun, eskua luzatu zigun eta esan zigun: «Eskerrik asko eman duzuen show-agatik». Denak isildu ziren orduan. «Ez diegu protagonismo gehiago emango, hau baita bilatzen ari direna», esan zigun. Gu harrituta ginen. Joan ginen, beraiek ere joan ziren, eta segitu zuten beraien festa. Gu nahiko gaizki geratu ginen, negarrez eta flipatzen.
J.K: Ez genekien nola erreakzionatu ere. Beraiek joan eta gu hortxe geratu ginen. Gure lagunak eta gure konpainiako kideak etorri ziren gugana, eta gurekin jarraitu zuten gaua.
Zergatik erabaki duzue kontatzea?
J.K: Niri gustatuko litzaidake jendeak enpatia izatea gurekin. Jakitea ez geundela probokatzen, ezta inor iraintzen edo diskriminatzen ere. Ongi pasatzeko ginen han, eta beldurtu gintuztela sentitu genuen. Kontatu nahi izan dugu guk sentitutakoa, beste inork senti ez dezan. Hori gertatu zen emakumeak garelako, eta beste emakume batek guri gertatutakoa jasan ez dezan kontatu nahi dugu. Jendeak enpatia sentitzea ere nahi dugu: bi pertsona oihukatu zituzten beste askok, eta ez alarde bat, ez alderdi politiko bat, ez eta antolakuntza bat. Sentimenduak dituzten bi pertsona oihukatu zituzten, eta egindakoak beldurra sentitzea eragiten digu. Gaur egun oso normalizatuta dago etsaitasun hori, gorroto hori, eta azkenean, bi alardetako kideak pertsonak gara. Nire ustez, alardearekin babestu egiten da normaltasuna, begietan zinta bat jarri da, eta onartu egiten da jarrera hori. Eta onartezina da. Hau abuztuan gertatzen bazait, alardearen testuingurutik at, izugarria liatuko litzateke, eta askoz gehiago hitz egingo genuke gertatutakoaz.
O.G: Bestalde, hitz egin nahi dugu denok jakiteko zer gertatu zen benetan. Ez dezatela esan «hau gertatu zen, edo ikusten denagatik…’. Ez. Gure hitzetatik benetan gertatu zena, edo hobe esanda bizi genuena, adierazi nahi genuen.