Lapurriturriko denboraldi berria, martxan
Ekainetik urrira bitarteko asteburu, jaiegun eta zubietan emango du arreta Aiako Harrian kokatua dagoen informazio puntuak, 10:00etatik 14:00etara. Horrez gain, bestelako jarduerak ere antolatuko dira.
Lapurriturriko denboraldi berria martxan da. Iragan asteburuan ireki zen Aiako Harrian kokatua dagoen informazio puntua, udako bisitarientzako egutegiari hasiera emanez. Irungo Udaleko Garapen Jasangarriko arloak sustatzen du Lapurriturri, eta maiatzaren 28an antolatu zuen sasoiko lehen irteera: landa eremuan bizi diren hegaztiak ezagutzeko bisita bat. Ildo horri jarraiki, datozen hilabeteetan beste proposamen batzuk iragarriko ditu informazio puntuak.
Lapurriturrik ohiko ordutegian emango du arreta: ekainetik urrira bitarteko asteburu, jaiegun eta zubietan, 10:00etatik 14:00etara.
Informazio puntuak hamabost urte baino gehiago daramatza bisitariei parkea ezagutarazten. Udaberrian, udan eta udazken hasieran jarduerak antolatzeaz gain, informazioa ere ematen du, bai paperean, baita gidari baten bitartez emandako azalpenen bidez ere: naturaguneari, bost ibilbide tematikoei (elurzuloak, meatzaritza, ikazkintza, gerrak eta flora, fauna eta ura) inguruko eskaintza turistikoari buruz.