Irunek harrotasunaren eguna ospatuko du
LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren harira, programazio zabala ondu dute udalak eta eragileek. Bihar apar festa bat egingo da San Juan plazan, 12:00etan, eta uztailaren 8rako jai egun handia iragarri dute.
Ekainaren 28a LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna da, eta Irungo Udaleko Berdintasun sailak, Txingudiko Elkarte Feministarekin, Eskina taldearekin eta Gehiturekin elkarlanean, egitarau zabala ondu du datozen egunetarako.
Programazioa bihar hasiko da, hilak 28, kolektiboaren bandera irudikatuko duen apar festarekin. Ospakizuna San Juan plazan izango da, 12:00etan, udaletxearen aurrean. Horrez gain, LGTBIQ+ bandera egongo da ikusgai eta adierazpen instituzional bat argitaratu da aho batez.
Sanpedro eta sanmartzial jaien ondoren egitarauak jarraituko du, eta uztailaren 8rako jai egun handia iragarri du udalak. Besteak beste, Harrotasunaren Ibilbidea, drag queen berriaren koronazioa eta Urdanibia plazan egingo den La Furia kontzertua aurreratu dituzte. Uztailaren 8a “LGTBIQ+ pertsonen eskubide eta askatasunak defendatzeko eta aldarrikatzeko” eguna izango da Irunen. Egun horretako egitaraua laster prentsaurrekoan aurkeztuko dutela nabarmendu du udal erakundeak.
Cristina Laborda ordezkariak adierazi du ekainaren 28a aniztasuna ospatzeko eguna izateaz gain, LGTBIQ+ pertsonen eskubide eta askatasunak aldarrikatzeko eguna ere badela, “ekintza eta jarrera LGTBI-fobiko oro desagerrarazteko eta gizarte jasanberagarriagoak, anitzagoak eta guztiekiko errespetutsuagoak sortzen jarraitzeko”.