[Galeria eta bideoa] Estebanez: "Ez dago maitatzea eta maitatua izatea baino gauza politagorik"
Bihar da Sexu Askapenaren Eguna. Hondarribian, baina, larunbatean egin zuten egunaren aldeko aldarria. Ortzadar koloreek Arrantzale auzoko plaza bereganatu zuten.
Bihar da Sexu Askapenaren Eguna. Hondarribian, baina, larunbatean egin zuten egunaren aldeko aldarria. Bero handia egin zuen arren herritar ugari hurbildu ziren Fenomena elkarteak antolatutako LGTBIAQ+ Egunera.
Asier Estebanezek pregoia eman aurretik, sorpresa gisa, Amayuu Dantza Studioko dantzariek abesti bat dantzatu zuten. Aldarrikapen festari hasiera emateko modu ezin hobea izan zen. Asier Estebanez ere dantzatzera gonbidatu zuten eta inolako dudarik gabe salto egin zuen dantzalekura. Hona hemen dantza saioko zatitxo bat:
Dantzaren ondoren, eta pregoilariak hitza hartu aurretik, haren lagun mina den Carol Atxukarrok (2021ean pregoilari izandakoak) aurkezpen txiki bat egin zuen. Hitz horiek nahikoak izan ziren bertaratutako guztiak hunkitzeko, baita Estebanez bera ere, malkoak ezkutatu nahian igo baitzen eszenatokira. Lagun minak dira, eta bata bestearen babesa funtsezkoa izan da beren bizitzan.
Aurkezpenaren ondoren, Estebanezek pregoia emateko unea izan zen. Lehenik, haren ibilbidea azaldu zuen: “Hona iristea ez da erraza izan. Hasteko, txikitatik arraro edo ezberdin sentitzen zarelako, ez duzulako ulertzen zergatik batzuei gauza bat gustatzen zaien eta zuri beste bat”.
Herrian, batez ere, Itxaropena tabernagatik da ezaguna. Bertan lanean hasi zenean, ordea, gauzak ez ziren errazak izan Estebanezentzat. Lan handia egin du urte hauetan guztietan, eta, egun, errespetatua eta maitatua sentitzen da. “Egun bezeroek eta herritarrek errespetuz tratatzen naute, eta hori pasada bat da. Oso harro sentitzen naiz eta oso maitatua baita ere”.
Azkenik, gaur egungo egoera goraipatu nahi izan zuen, beti ere, erne egoteko eta atzera pausorik ez emateko: “Egindako lanak balio izan badu gazteek beren bizitza nahi duten bezala bizitzeko, nahikoa da niretzat. Egia da ez dugula erlaxatu behar. Oraindik erasoak pairatzen ditugu eta duela gutxi gainera eraso bat gertatu zen herrian bertan. Gorroto mezuak daude, homofobia mezuak daude eta oraindik orientazio sexualagatik diskriminatzen jarraitzen da leku askotan. Gainera, eskuin muturrak bota egin nahi gaitu. Gure eskubide guztiak bota nahi dituzte, gure bandera zakarrontzira bota nahi dute. Baina ez. Ezin izango dute gurekin. Ez dugu pausu bat bera ere atzera emango. Gauza bat eskatuko dut soilik, edukazioa. Gurasoak, eskolak… haurrak askatasunean, tolerantzian, errespetuan hezi itzazue dibertsitatearen aurrean irekiak egon daitezen. Ez dagoelako maitatzea eta maitatua izatea baino gauza politagorik!”
Pregoiaren ondoren, Albina Stardustek eta Divina Comediak emanaldia eskaini zuten. Giro bikaina sortu zen plazatxoan. Haur, gazte eta helduak, guztiek egin zuten bat bikoteak prestatutako abesti, txiste eta aldarrikapenekin.