Eguzkitza kaleko lanak bukatu dituzte
Iazko urrian hasitako obrak iragan ostiralean bukatu zituztela jakinarazi du Txingudi Zerbitzuak. Zirkulazioa normaltasunera itzuli da.
Txingudiko Zerbitzuak jakinarazi du “arrakastaz” bukatu dituztela Eguzkitzako kolektoreko obrak, kalearen berrurbanizazio osoa hartu dutenak. Iragan ostiralean ireki zen kalea berriro trafikora, eta zirkulazioa normaltasunera itzuli da.
Eguzkitza kaleko kolektorea egiteko lanak iazko urrian hasi ziren eta bukatu berri dira. Denbora epe horretan, batez ere, euri urak husteko kolektorea eraiki da Eguzkitza eta Ama Birjina Mirarietakoa kaleetan, arroaren goiko aldeetako euri urak ebakuatzeko eta zuzenean Dunboa ubidera husteko; horrela, Urdanibia plazako eremua eta inguruak uholdeetatik babestuko direla nabarmendu du Txingudi Zerbitzuak.
Halaber, ur beltzen sarea, ura banatzeko sarea eta argiteria hodiak berritu dituzte. Horrez gain, Eguzkitza kaleko espaloien zabalera ere handitu dute, bizilagunei irisgarritasun handiagoa emanez.
Era berean, obrek iraun duten denboran “herritarrek izan duten pazientzia eta ulermena” aitortu eta eskertu ditu Txingudi Zerbitzuak, “prozesu osoan jarrera eredugarria erakutsi baitute”.