[Galeria eta bideoa] Suarekin batera piztu da denboraldia
San Joan bezperan egindako aurkezpenaren ondoren, arraun denboraldia hasteko prest daude Hondarribia Arraun Elkarteko arraunlariak.
Joan den ostiralean (hilak 23) jende andana hurbildu zen Hondarribiko Benta Zaharrera arraunlariei babesa eskaintzera, musikaz gozatzera eta urteko gau motzenari ongietorria ematera. Urtero bezala, Hondarribiko Hiria Musika Bandaren kontzertuarekin eman zioten hasiera San Joan bezperako ekitaldiari. Ondoren, Hondarribia Arraun Elkarteko eskifaien txanda izan zen.
Hondarribiko gizonezkoen B ontziko arraunlariekin hasi zuten aurkezpena. Banan banan igo ziren taldekideak oholtzara. Aurtengoa, Gonzalo Carrionen Txalo bigarren urtea izango da B ontziaren gidaripean. Hilaren 17an San Juan de Luzen hasi zuten denboraldia eta lehen asteburuaren inguruan galdetuta denboraldia “oso ondo” hasi dutela azaldu zuen eta aurtengo helburua KAE1 mailan mantentzea izango dutela jakinarazi zuen.
Ondoren, emakumezkoen taldearen txanda izan zen. Berrienetik, taldean urte gehien daramatzan arraunlariaren hurrenkeran igo ziren eszenatokira. Iker Cortesen seigarren denboraldia da aurtengoa eta datorrenari begira dituen itxaropenez galdegin zioten. Neguan “gogor” entrenatu dutela eta asteburu honetan hasiko den 8 traineruko Euskotren Liga “estrenatzeko gogoz” daudela plazaratu zuen.
Hondarribia A taldeko arraunlariak izan ziren aurkezten azkenak. Musikaren laguntzarekin txalo zaparrada artean jaso zituzten taldekideak. Baita Mikel Orbañanos prestatzailea ere. Orbañanosek, lehenik, eskerrak eman zizkien bertaratutakoei eta aurten “denon laguntza” beharko dutela esan zuen: “Gu saiatuko gara, baina zuen bultzada igarri egiten da eta ea denon artean zerbait handia lortzeko gai garen”. Orain artean, lan ona egiten ari direla nabarmendu zuen, “urte asko dira lana modu berean egiten duguna” eta lan gogorrak emaitzak bermatzen ez dituen arren, “esperantza” badutela jakinarazi zuen.
Jarraian, Joxemi Elduayen presidenteak hartu zuen hitza. Denboraldi berri baten atarian “ilusioz beteta” daudela esan zuen eta arraunlari guztiei eskerrak eman zizkien “negu guztian egin duzuen lanarengatik”.
Azkenik, ekitaldia borobiltzeko, Igor Enparan alkateak hitz batzuk esan zituen. Enparan: “Aipatu duzuen bezala negua gogorra izan da, uda ere ez da makala izango baina pozgarria da ikustea herria arraun elkartearekin bat dagoela. Honek egiten du herritarren artean harrotasuna sendotzea, eta horregatik, opa dizuet Kantauri itsasoan egingo dituzuen asteburu guzti hauetan herritarren harrotasuna zuekin eramatea eta zorte on apur bat izatea, behar beharrezkoa izaten delako”.
Ekitaldia amaitzerakoan Meakako Adixkideak Dantza Taldeak emanaldia eskaini zuen eta hiru ontzietako patroiek, Igor Enparan alkatearekin eta Tamara Sastre zinegotziarekin batera, San Juan sua piztu zuten.