Alardearen aferan egon diren "aurrerapausoen" errepasoa egin du Guztion Alardeak
Elkarrizketari ekiteko "inoiz baino indartsuago eta gogotsuago" daudela azaldu dute eta Alarde Fundazioari "behingoz hitz egiten hasteko" eskatu diote.
Hondarribiko jaietarako hiru hilabete geratzen diren honetan, Saindua proposamenaren harira, Alardea hizpide izan zuten herritarrek joan den astean. Guztion Alardeak ere, momentua probestuz, komunikatu bat plazaratu du. Azken urteetan Alardearen aferan egon diren “aurrerapausoen” errepasoa egin dute.
Alde batetik, “2018tik hona, herritarren artean herdoilduta zeuden jarrerak leuntzen” hasi direla azaldu dute. Horren adibide da, adibidez, Gernikako Arbolan “sentsibilitate ezberdinetako mila herritar baino gehiago” Alardearen alde batu izana, edota herrian eman diren elkarrizketen ondorioz “herrikidearen ikuspuntua entzun eta ulertuz jorratu dugun bidea”.
Bide horretan, baina, “askotan” udal gobernu taldearen “sostengu falta” sentitu dutela azaldu dute. Horregatik, gobernu talde berria osatzeak ekar ditzakeen aldaketen inguruan mintzatu dira. “Hondarribiko historian lehenengoz, herriko alkateak emakumeen parte hartze eskubidea bermatuko duen Alardearen alde” egingo duela adierazi zuen. Zentzu horretan, alkate berriak Alardearen gaiari “lehentasuna” eman nahi izatea “positiboki” baloratu dute.
Bestetik, Saindua taldeak plazaratutako proposamenaren sorrera nabarmendu dute. “Taldeak, hainbeste urtetan luzatutako gatazkari konponbide bat emateko nahi garbia adierazi du, hondarribiarron batasunaren eta elkartasunaren aldeko apustua eginez. Gainera, Sainduaren sinatzaileak, Alarde Fundazioaren baitan historikoki kokatu izan diren pertsonak dira; eta hauek ere emakumearen parte hartzearen aldeko apustu garbia egin dute”, esan dute.
Halaber, gogorarazi dute, “ez dela ahaztu behar” Jaizkibelek Alardean parte hartzeko egindako 22. konpainiaren proposamena.
Egoera horren aurrean “elkarrizketarako nahia eta beharra” azpimarratu dituzte, eta horiei ekiteko “inoiz baino indartsuago eta gogotsuago” daudela azaldu dute. “Denbora gehiegi daramagu senide, lagun eta herrikideok irailaren 8a bananduta ospatzen, eta gatazkaren minak jada neke bilakatu zaizkigu”.
Azkenik, Alarde Fundazioari “behingoz hitz egiten hasteko” eskatu diote, “Alardea hondarribiar guztien eskuetara itzultzeko garaia baita”.