[Bideoa] Gaur estreinatu da 'Lehen saiakera' dokumentala
Marina Perosanzek, Natalia Berridik eta Yurena Carrerok ekoitzi dute 22 minutuko filma. Bidasoko mugan ematen diren bizipenak jorratu dituzte.
SOS Arrazakeria elkarteak gaur estreinatu du Lehen saiakera Bidasoko mugaren inguruko dokumentala Marina Perosanz, Natalia Berridi eta Yurena Carrero ekoizleen eskutik. 22 minutuko iraupena du, eta Bidasoko mugan ematen diren bizipenak jorratzen dituela aurreratu dute.
Marina Perosanz, Natalia Berridi eta Yurena Carrero Mondragon Unibertsitateko ikus-entzunezko komunikazio ikasleak dira, eta muga horrek suposatzen dituen “eskubide urraketen erretratu bat” egin dute, azken bi urteetan bederatzi pertsonaren heriotza ekarri duena, “gizarte bezala beste aldera ez begiratzeko dugun premia larria” azpimarratuz.
Dokumentala Ndank Ndank elkartearekin elkarlanean egin dute, eta Amets Arzallusen bertsoen bidez kontatzen da. Horrez gain, filmean Abdoulaye Sarrek parte hartze “berezia” duela zehaztu dute. Abdoulaye Sarr Gipuzkoako SOS Arrazakeriako teknikaria da, “erreferente” heldurik gabeko gazte migratzaileei arreta emateko lanean, eta gertutik ezagutzen ditu mugaren inguruko bizipenak.