[Bideoa] Preso, iheslari eta deportatu guztiak etxean izan arte "lanean" jarraituko dute
'Euskal preso, iheslari eta deportatuak etxera' aldarrikapenari eutsi zioten, eta eutsi beharko dela adierazi zuten Moskuko presoen eskubideen aldeko suan.
Moskun ere sua piztu zen pasa den ekainaren 23an, eta “euskal preso, iheslari eta deportatuak etxera” aldarrikapenari eutsi nahi diotela adierazi zuten herritarrek. “Dispertsioarekin amaitu dugun honetan, orain gai izan behar gara, izan beharko gara, Euskal presoak Euskal Herrira aldarrikapen hori, Euskal preso, iheslari eta deportatuak etxera bilakatzeko.
Iaz, suaren pean kartzela erre zutenetik egoera aldatu dela “ukaezina” dela iritzi dute, eta azken urteetan egindako “izugarrizko” lanari eskeri izan dela hori argi dute: “Martxoaren 24ean, poztasun handiz, 30 urtez luzatu zen dispertsio politika amaitu zela iragartzeko aukera izan genuen. Geroz eta gehiago dira baldintzapeko askatasunean, hirugarren graduan, 100.2 artikuluarekin edota baimenekin kalea zapaltzen ari diren kideak”.
Presoen etxeratzea lortu bitartean, hipotesiak izan diren horiek, “pixkanaka-pixkanaka baieztatzen hasi dira”. Baina, salatu dute hori ez dela ari izaten nahiko luketen erritmoan, “baina ematen ari diren urratsak hor daude”.
Lorpen txikiak izan direla diote eta ez direla “nahiko”. Oraindik preso direnak ekarri dituzte segidan gogora: “Ezin dugu ahantzi, guk hemen, herriko jaiez gozatzeko aukera dugun bitartean, oraindik 158 preso ditugula, tartean, Fermo [Vila], Aitor [Olaizola] eta Iratxe [Sorzabal] eta horietako askori oraindik kalea zapaltzea eragozten zaiela. Ondorioz, argi dugu ere, guztia etxera ekarri arte lanean jarraitu behar dugula”.
Poliki-poliki edota “urratsez urrats” doaz aurrera, “etxeratze bidea gertu da”. Ez dela erraza izango esan dute, baina bide horri “indartsu eta gogotsu” ekingo diotela. Euskal presoak Euskal Herrira aldarria hegemonikoa bilakatzea lortu izana mahai gaineratu dute, “eta horren baitan inoizko adostasun politiko, sozial eta sindikalik handienak eraikitzeko” gaitasuna ere gogoratu dute.