BATeko atletak, berriz ere onenen pare
Emaitza bikainak lortu dituzte kirolari bidasoarrek asteburuan zehar. Horrez gain, BATek antolatzen duen San Martzial Igoera lehiatu zen larunbatean.
Asteburu bizia izan dute Bidasoa Atletiko Taldeko kirolariek, selekzioen arteko Europako Txapelketak, 16 urtez azpiko Espainiako Txapelketak, master mailako Espainiako Txapelketak eta Federazio Autonomikoen Espainiako Txapelketak lehiatu baitira. BATeko hainbat kide aritu dira lehian txoko ezberdinetan, eta denak onenen pare izan dira beste behin.
Txapelketa horiez gain, BATek antolatzen duen San Martzialeko Igoera lasterketaren VL. ekitaldia lehiatu zen larunbatean 147 pertsonaren parte hartzearekin. Gizonetan Aritz Garin izan zen azkarrena 13:41 minutuko denborarekin. Beñat Bengoetxea (13:49) izan zen bigarren, eta Jose Antonio Gomez de Arriba (14:04), hirugarren. Emakumeetan, aldiz, Olatz Zabalak irabazi zuen San Martzialeko Igoera 16:53 minutuko denborarekin. Sandra Piera (17:48) sailkatu zen bigarren postuan, eta Carmen Klinger (20:15) izan zen hirugarren.
Teresa Errandonea
Teresa Errandonea Silesian (Polonia) izan da asteburuan Espainiako selekzioarekin selekzioen arteko Europako Txapelketan lehiatzeko. Irundarrak maila bikaina erakutsi zuen txapelketan, eta seigarren postuan sailkatu zen hesien 100 metroko proban 13,22 segundoko denborarekin. Sailkapen orokorrean, Espainiako selekzioa laugarren postuan sailkatu zen eta Errandoneak 11 puntu lortu zituen.
Naia Llorente, 16 urtez azpiko txapeldun
Asteburuan 16 urtez azpiko Espainiako Txapelketa lehiatu zen La Nucian (Valentzia), BATeko zortzi kirolariren parte hartzearekin. Guztietatik Naia Llorente nabarmendu zen gehien, 16 urtez azpiko Espainiako txapeldun izendatu baitzen altuera jauziko proban, 1,68 metroko jauziarekin. Llorentek urte bikaina darama, eta Espainiako Txapelketarekin biribildu du sasoia.
Egoitz Mikelarena eta Jon Gajate finalera sailkatu ziren 300 metroko eta hesien 100 metroko probetan, hurrenez hurren. Mikelarena seigarren izan zen (36,44), eta Gajate, zortzigarren (15,07).
BATeko gainontzeko partaideak Hugo Vazquez eta Alai Cabello (600 metro), Nerea Sorondo (100 metro), Mariela Beraza (300 metro) eta Markel Garrancho (300 metro) izan ziren.
Bi urre master txapelketan
Master mailako Espainiako Txapelketa Jerezen (Andaluzia) lehiatu zen BATeko bost atletaren parte hartzearekin. Jose Maria Zabalak txapelketa bikaina osatu zuen 60 urtetik gorako mailan, eta bi urrezko dominarekin itzuli da etxera, 200 (26,47) eta 400 (59,23) metroko probetan lortutakoak. Horrez gain, seigarren izan zen 100 metrotan (13,88).
Susana Ruiz laugarren izan zen 800 metrotan (2:35,80) eta bosgarren 400 metrotan (1:07,74). Abiadurako probetan aritu zen beste partaidea Fernando Garcia izan zen, 100, 200 eta 400 metrotan. Distantzia luzeei dagokionez, Victor Madejon seigarren sailkatu zen 5.000 metrotan (16:52,44) eta bederatzigarren 1.500 metrotan (4:26,66).
Federazio Autonomikoak
Azkenik, Logroñon (Errioxa) Federazio Autonomikoen arteko Espainiako Txapelketa lehiatu zen. Bertan, BATeko Alaine Agerralde, Elaia Tapia eta Leire Martiarena izan ziren Euskal selekzioarekin. Agerralde 400 metrotan eta 4×400 metroko probetan lehiatu zen. 400 metrotan, gainera, bere marka onena lortu zuen 57,04 segundoko denborarekin.
Tapia luzera jauziko proban aritu zen, eta Martiarena, berriz, 100 metrotan, bigarren postuan sailkatuz. Euskal selekzioak zortzigarren postuan bukatu zuen Espainiako Txapelketa.