[Erreportajea] Harro egoteko moduko aldarrikapen festa
Hilaren 28an izango da Sexu Askapenaren Eguna. Horren harira, Fenomenak aldarrikapena eta festa lotzen dituen LGTBIAQ+ Eguna antolatzen du urtero. Musika, dantza eta ikuskizuna bermaturik dago.
Bihar arratsaldean Sexu Askapenaren Nazioarteko Eguna ospatuko dute Hondarribiko Arrantzale auzoko plazan. Fenomena elkartearen eskutik, eta udalaren laguntzarekin, LGTBIAQ+ Egunaren VI. ekitaldia antolatu dute, «errealitate gordin hori sufritu duten eta gizartea alda dadin hainbeste borroka egin duten kolektiboak ikusarazteko» helburua duena. Urtez urte, errealitate ezberdinak jendarteratzeko, kolektibo zehatz batean ezartzen dute fokua: aurten homosexualei egingo diete keinua.
Orain artean, udalak Arma Plazan duen eraikinean antolatu izan da ekitaldia, zehazki, Fenomenako kideek beti bilatu izan dutelako udalaren atxikipena. «LGTBIAQ+ Egunarekin hasi ginenean udala instituzionalki bustitzea nahi genuen. Udaletxean bandera txiki bat jartzen zen, baina instituzioa murgiltzea eta gaia benetan babesten zuela argi ikustea nahi genuen», azaldu du Iñaki Vazquezek, Fenomenako kideak. Udalak elkartearen eskakizunei erantzunez ekitaldia bete-betean babestu zuen. Hortaz, bost edizioren ondoren, Alde Zaharretik irten eta udalerriko gainontzeko auzoetara hurbiltzeko unea zela argi ikusi zuten, hartara, jende gehiagorengana helduko direlakoan.
Asier Estebanez Axi Itxaropena tabernako jabea da aurtengo pregoilaria, hark emango dio festari hasiera. «Estebanezek beti harro eraman du bere izaera eta Itxaropenara joaten garenak betidanik jakin izan dugu bere orientazio sexuala zein den», nabarmendu du Vazquezek.
«Zirkulua ixteko» garaia dela oihukatuko dute bihar. Fenomenako kideen esanetan, zirkulua ixteak homosexualen mugimenduaren sorrerara itzultzea eskatzen du, eta hala egingo dute.
«Zirkulua ixteko» garaia dela oihukatuko dute larunbatean
1969. urtean herritar «harro» talde batek New Yorkeko Stonewall Inn tabernan poliziaren sarekada bati aurre egin ziola azaldu dute Hondarribiko Udalarekin batera argitaratu duten adierazpenean. Vazquez: «Hor zeudenak ez zeuden ados taberna horretan egiten zen politikarekin eta iskanbila sortu zen. Hortik dator mugimendu hau». Testuinguru horretan, ekitaldia Arma Plazatik Itxaropena taberna ingurura lekualdatzea «zentzuzkoa» iruditu zitzaien.
Elkartearentzat, garrantzi berezia du ekitaldi honek, Fenomena, bereziki, musika festibalak antolatzeagatik delako ezaguna hirian. «Baina kultur ekitaldi baten atzean ez dago garrantzi politiko edo sozialik», zehaztu du Vazquezek. Eguna antolatzeak elkarteko kideek dituzten grinak adierazteko eta duten konpromisoa erakusteko balio duela gehitu du: «Esateko gauza horietarako ere lan egin nahi dugula, ez bakarrik aisiarako».
Egitaraua
Biharko 13:00etan LGTBIAQ+ bandera zintzilikatuko dute Itxaropena eta Gran Sol tabernen artean, arratsaldean egongo denaren aurrerapen gisa. Festa handia, baina, 19:00etan hasiko da Asier Estebanezek emango duen pregoiarekin. Ondoren, 19:45ean, Albina Stardustek eta Divina Comediak emanaldia eskainiko dute. Azkenik, eguna biribiltzeko, dantzaldia egingo dute 21:00etatik 22:00etara. Musika alaia, aldarrikapenez beterikoa ipiniko dute.