Erasoen aurkako protokoloa aktibatu dute Sortuk, Ernaik eta Haziak
Gaur hasiko dira ofizialki Irungo jaiak, eta Sortuk, Ernaik eta Haziak erasoen aurkako protokoloa jarri dute martxan txosnetan.
Atzera kontaketa bukatu da, gaur hasiko baitira ofizialki Irungo sanpedro eta sanmartzial jaiak. Hiria jai giroan murgilduko da datozen egunetan, eta guztiek gozatzeko egunak izan daitezen, Irungo Sortuk, Irungo Ernaik eta Hazia Elkarteak gogorarazi dute “festa seguruak izatea denon ardura” dela. Hori dela eta, herritarrei zein Irunera gerturatzen direnen mezu argia bidali diete: “Jarrera inbasibo, erasokor, edota bestelakorik ikusiz gero beste aldera ez begiratu, ez izan konplize!”.
Argi esan dute Irunen ez dutela horrelako jarrerarik onartuko: “Protokolo eraginkorrena herriak erantzun bat ematea da, ez dugulako eraso matxista, sexista, homofobo edo arrazistarik onartuko, ez Irunen ez inon”.
Gauzak horrela, eraso matxistei aurre egiteko, txosnetan “esku hartze protokoloa” martxan jarri dutela baietsi dute. Eraso bat bizi edo ikusten duen orori txosnetako barrara gerturatzea eskatu dute: “Bertako kideok gune seguru bat eskaini eta esku hartzeko protokoloa jarriko dugu”.