[Elkarrizketa] «Gauzak nola gertatu diren esan behar da, berriro ez gertatzeko»
LGTBIAQ+ Eguneko pregoia emango du Estebanezek, bihar, 19:00etan, Arrantzale auzoko plazatxoan. Itxaropena taberna guztientzako erreferentziazko gune bilakatu du, eta harro sentiarazten du horrek.
Zer sentitu zenuen pregoilaria izango zinela esan zizutenean?
Hasieran ilusioa sentitu nuen. Baina gero pixka bat urduri jarri nintzen. Lagun bati deitu nion, eta gero nire bikotekideari. «Zer egingo dut? Bai, ez…». Azkenean egin behar nuela pentsatu nuen. Gauzak nola gertatu diren esan behar da, berriro ez gertatzeko.
Hasieratik izan duzu argi zer kontatu nahi duzun?
Bai. Gutxi gorabehera pentsatu dut jada. Nire garaian zer gertatu zen kontatu behar da. Orain oso ondo gaudela, baina kontuz ibili behar dugula ez joateko atzera.
Itxaropena erreferentziazko gune bat bihurtu da.
Bizitza normaltasun batekin egin dut, eta hori azkenean igartzen da, bezeroetan eta jendearekin. Itxarovision-ekin eta antzekoekin jende ezberdinari ireki genion taberna.
Agian orain erreferente bat bihurtu da, baina nik egin dut erreferente bat izatea. Egia da nire bizitza oso normala izan dela, armairutik oso gazte irten nintzen. Orduan, hondarribiar bat gehiago bezala bizi naiz, normaltasunean.
Aipatu duzu hasieran egoera zaila izan zela Hondarribian, baina, orain, normaltasun batera iritsi dela egoera.
Bai, nire garaian gogorra izan zen. Eskolan, kalean… beti marichica edo maricón esaten zuten. Eta horrekin arraroa edo ezberdina zarela sentitzen duzu. Ez genuen erreferenterik. Helduak kanpora bizitzera joan ziren. Orduan, ez duzu inor esateko: «Ni bezalakoa da eta gainera zaharragoa». Erreferente horiek ez genituenez «zergatik niri hau» pentsatzen duzu. Arraro sentitzen zara.
Orduan zuk Hondarribian geratzeko eta zaren bezalakoa aurkezteko hautua egin zenuen.
Bai. «Ni halakoa naiz» esateko beharra sentitzen duzu. Eta gurasoei esan nien: «Ama, azken batean nire bizitza da eta bizi behar dut. Ez ditut gauzak egingo ez bizitzeko. Nire bizitza bizi behar dut, eta halakoa da».
Zer da aitortza hau zuretzako?
Oso harro sentitzen naiz. Ikusten dut nola aldatu den Hondarribia duela hogeita hamar urtetik hona. Gainera, denek dakite nolakoa naizen, eta maitasun hori sentitzea mundiala da.