[Argazki galeria] Euskal mitologia jolasen bidez ezagutzeko aukera
Ordu gutxitan piztuko da San Juan sua eta harekin batera sanpedroak eta sanmartzialak. Aurretik, gaur arratsaldean, euskal mitologia ezagutzeko helduentzako eta haurrentzako jolasak jarri dituzte Nagore Laffage parkean.
Gaur hasiko dira sanpedroak eta sanmartzialak, San Juan sua piztearekin batera. Egunaren ordu txikiak iritsi bitartean, jaietako jardueraz bete da hiria. Tartean, helduentzako eta haurrentzako jolasak jarri dituzte Nagore Laffage parkean Nafarroako Jokai konpainiakoek.
Programazioan 2 eta 14 urte bitarteko haurrei zuzendutako proposamena dela irakur daiteke, baina Jokaiko sortzaileetako bat den Jon Artola Urrutiak azaldu du ez dela hala, “publiko guziarentzat” dela, alegia.
Jolasen sortzaileek egurrarekin egindako jolasak dira, eta euskal mitologia azaltzea da haien helburuetako bat. “Horretarako bi gune dauzkagu, horietako bat Montesori gunea, etxeko txikientzako dena, eta bertze guztiak publiko guziarentzat dira”.
Mari, Gaueko edota Basajaun dira jokoen protagonistak. Jarduera hau “ikusteko eta jolasteko” dela dio Artolak. Gainera, “euskara munduan zehar” eramatea dute helburu ere.
Jai hauetan beste bi alditan haien jolasez gozatzeko aukera egongo da. Uztailaren 26an eta 27an bueltatuko dira, hurrenez hurren, Puianako Pedro Aristegi plazara eta Belaskoenea ikastetxeko patiora. Bi egunetan ordutegi berdina izango dute: 11:30etatik 13:00etara, eta 16:00etatik 20:00etara.