"Herri mailako hausnarketa" egitea bultzatu nahi duen proposamena
Hemendik aurrera Saindua Proposamenak egingo duen bidea herritarren eskuetan dagoela jakinarazi dute. Taldeak ez du beste pausurik emateko asmorik azaldu.
Astearte goizean azaldu zen Saindua Proposamena Hondarribiko gutunontzi guztietan. Alardearen gaian, “konponbidearen bilaketan, erreminta bat izatea xede duen” proposamena da. Gaur goizean, berriz, tokiko hedabideei soilik luzatutako agerraldia egin dute proposamenaren bultzatzaileek. Izan ere, “herri mailako hausnarketarako” den planteamendua dela, eta “Hondarribitik kanpo xehetasunak eta ñabardurak kontuan hartuko ez direla” uste baitute. Konponbidea, gainera, hiritik bertatik sortzea nahi dute. Ez dute nahi “kanpotik etorritako” eta “inposatua” den aldaketa bat. Aurrerantzean proposizioak egingo duen bidea herritarren eskuetan dagoela jakinarazi dute. Taldeak ez baitu beste pausurik emateko asmorik azaldu. Herritarren erantzunaren zain daude orain, eta dagoeneko proposamenera atxikitzeko hainbat mezu jaso dituztela esan dute. Proposamenarekin bat egin nahi duenak hurrengo emailera bidali dezake mezua.
Azken urteetan, konponbidearen alde pausuak emateko asmoz, hondarribiarren arteko elkarrizketa sustatzeko lanean aritu da Guztion Alardea. Saindua proposamenaren bultzatzaileek, baina, proposamen zehatz baten falta sumatu zuten. Uste horretatik abiatuta, “lanketa handia” izan duen proposizioa osatu dutela azaldu dute. Ez dituzte aipatu Jaizkibel konpainiaren partetik konponbiderako egindako proposamenak, askoren tartean, konpainia ez baztertzailea 22. konpainia izatearena.
Duela urtebete, Saindua proposamenaren lehenengo planteamendua landu zutenean, Alarde Fundazioarekin partekatu zuten. Proposamena fundazioak berak lantzea baitzen hasierako asmoa. 2022ko apirilaren 7an izan zen hori. Bilera egin, eta hilabete batzuk geroago Alarde Fundazioak uko egin zion agiria bere egiteari. Urtebete ondoren bilera berri bat izan zuten, baina berriz ere fundazioaren ezetza jaso zuten. Orduan, haien inguruko jendearekin hitz egiten, eragileekin bilerak egiten, eta pentsamenduak partekatzen hasi ziren.
Alardearena “ertz” asko dituen gatazka dela adierazi dute, eta “sentimenduak” ezarri dituzte guztiaren erdigunean. Izan ere, horiek plazaratzeak konponbide bat bilatzeko ahaleginean hastea erraztu ziela azaldu dute.
Saindua Proposamenaren bultzatzaileak kontziente dira hondarribiarren artean “zauri asko itxi gabe” daudela. Zentzu horretan, proposatu dutena hausnarketarako “lagungarri” izatea nahi dute: “Herriak besarkatzea nahi dugu, eta norberak lanketa pertsonala egitea”. Jaizkibel konpainiari egindako “autokritika” eskakizuna ere zentzu horretan bideratu nahi izan dutela nabarmendu dute: Saindua proposamena landu dutenek egin duten ariketa egitea, konponbide bateratu batera heltzeko.
Duela 26 urtetik hiriko festak heltzen direnean hiria zatitu egiten da. Horregatik, proposizioaren nahia “itsasgarri” moduko izatea dela azaldu dute ere. Festetan gertatzen den “ebaketa” ekiditeko.
Proposamena martxoan plazaratu nahi zutela azaldu dute, “neguan eta giro lasai batean” landu beharreko gaia dela uste baitute. Kontziente dira Irungo festen atarian argitaratzeak ez diola mesederik egin, baina proposamena zabaltzeak ezin zuela gehiago itxaron azaldu dute. Bestalde, argitara eman duten unea ere zalantzan jarri dute zenbait herritarrek. Haatik, euren jardunean independente direla defendatu dute, “inongo kutsu politikorik gabekoak gara”.