Eguzkik deitoratu du bidegorri berriaren proiekturako haien ekarpenak kontuan hartu ez izana
Hondarribia, Irun eta Hendaia lotuko dituen pasabidearen proiektua lizitatu du Eusko Jaurlaritzak eta Eguzkik salatu du "eragile deseroso" gisa hartzen dietela erakundeak, egin ditzaketen "ekarpen baliotsuak mespretxatuz".
Pasa den astean Eusko Jaurlaritzak iragarri zuen Hondarribia, Irun eta Hendaia lotuko dituen oinezkoentzako eta bizikletentzako ibilbideak eraikitzeko obra lizitatu dutela, 3.737.967,96 euroan. Bi fase izango dituzte lanek eta 12 hilabeteko epean gauzatu beharko dute. Berriaz jakitean, Eguzki talde ekologistak salatu du paduretako aberastasuna ezagutzen dutenen eta haietaz arduratzen direnen “ekarpen baliotsuak mespretxatu” egin dituztela jarduketa idazterakoan.
Txingudiko natur-guneen benetako lotura “naturagune babestuaren habitaten egungo zatiketa konpontzearen ikuspegitik” soilik har daitekeela kontuan defendatu dute. Horrela, zatiketa pairatu duten habitatek haien arteko “beharrezko elkarreragin ekologikoa” lehengoratuko lukete.
Deitoratu egin dute proiektua “ekintza burututzat” jotzea, eta Eguzkik mahai gaineratu du ekarpenak “eskuzabalki” egin dituztela, “Natura 2000 Sareko eremu hori hobetzeko eta kontserbatzeko asmoz”. Tamalgarria dela diote “alde batera utzi nahi dituzten eragile deseroso gisa ikustea”, baita “gure administrazioek metatutako esperientzia hori baloratzen ez jakitea” ere.
Proiektu honekin “Bidasoa ibaiaren ibilguaren inbasioarekin topo egingo dugu berriro” diote, piloteen gainean finkatuko baitute pasabide bat, “ibaiaren beste aldean (Hendaian) antzeko bat egin zutela argudiatuz”.
Zalantzan jarri dute estuarioaren eremuan jarduketa honek izan dezakeen eragin negatiboen baloraziorik egin duten, “ez eta bi pasabideen eragin sinergiko eta metatzailea kontuan hartu den, ezta trazadurarekiko alternatiben azterketarik ere egin den”. Eguzkiren arabera, Jaurlaritzaren Plan Zuzentzaileak “orain lizitatzen denaz bestelako trazadura bat aukeratu zuela.
Plan Zuzentzailea Txingudiko Plan Berezia bizkortzeko zela gogoratu dute, baina “duela 30 urte hasi zenetik, amaitu gabe eta baztertuta geratu zen”.
Orain, arau baliorik ez duen Plan Zuzentzaile bat aplikatu nahi dutela ohartarazi dute: “Plan Berezia sinatu zuten administrazio berberek (Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiak, Irun eta Hondarribiko Udalak, eta Espainiako Kostetako Ministerioa) Plan Zuzentzaile bat aplikatuz azkartu nahi dute orain, Plan Berezian eta Natura 2000 Sareko kudeaketa-dokumentuak (biak nahitaez bete beharreko araudiak) jasotzen ez diren jarduketekin, baita tokian dauden eta Europako Zuzentarauetan jasotzen diren habitatak eta espezie naturalak kontserbatzeko helburuekin zerikusirik ez duten proiektuekin ere”.
Plan Bereziko leheneratze-konpromisoak, premiazkoak eta beharrezkoak “sine die” egiteke daudela oroitu dute, “eta, aldiz, kontserbazio-helburuekin zerikusirik ez duten proiektuak, baita haren aurkakoak ere, bide azkarretik jorratzen direla”.
Oraindik gauzatu gabeko proiektuak zerrendatu dituzte segidan: “Plaiaundiko kirol-instalazioak, Irukanale uhartea bere habitat naturalera leheneratu gabe, Osinbiril ibaiertza lehengoratu gabe, Jaitzubiako eremuak baratzez beteta, Kosta eremua Plan Berezitik bananduta eta Hondarribiko hirigintza-plangintzaren zain, etab”.
Azkenik, Eguzkik adierazi du publikoki salatzen jarraituko dutela Txingudi badiaren “balio naturalak aldatzen eta degradatzen dituzten egoera eta proiektu horiek, nahiz eta hobekuntza polit gisa publizitatu nahi izan”