Bidasoa zubia dela, eta ez muga, aldarrikatuko du Gure Eskuk
Frantziako Tourra Bidasoan barrena ibiliko da uztailaren 3an, eta "bi aldeetan euskaldunak bizi garela" aldarrikatuko dute. Hainbat egitasmo antolatu dituzte egun horretarako.
Aurtengo Frantziako Tourra Euskal Herritik abiatuko da. Uztailaren 1ean, 2an, 3an eta 5ean Euskal Herrian barrena ibiliko da pelotoia, eta lehen hiru etapak, gainera, hasieratik bukaerara Euskal Herriko errepideetan egingo dira. Sona handiko kirol proba hori Euskal Herrian izango denez, Gure Eskuk Tourrak nazioartean duen oihartzuna probestuko du, bere mezua “lau haizetara” zabaltzeko: “Euskal Herria zazpi lurraldez osatutako herria da eta geure etorkizuna libre erabaki nahi dugu”.
‘Euskal Herriak Erabaki – Basques decide’ lelopean, Gure Eskuk 60.000 ikurrina banatuko ditu Tourrean, “erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria mundura zabaltzeko”. Ikurrina horiek bide ezberdinetatik lortu daitezkeela jakinarazi du Josu Etxaburu Gure Eskuko kideak. Hilaren 29ra arte Gure Eskuren online dendan eskura daitezke. Horrez gain, Tourraren egunetan ere lortu ahal izango dira ikurrak: Fanzonean, Naiz eta Berriaren gunean, kuestazioan eta uztailaren 3an karabanan, Berriaren eskutik.
Ikurrina horiek eskuan, Gure Eskuk errepide bazterretara bertaratzeko deia luzatu die euskal herritarrei, “guztion artean argi adierazteko gure etorkizuna erabakitzea gure esku egon behar duela”. Errepide bazterrak betetzeaz gain, etxeko balkoietan ere erabakitzearen aldeko ikurrinak zintzilikatzera animatu dituzte herritarrak, mezua leku guztietan ikus dadin.
Bestalde, ‘1000 ikurrin baietz!’ erronka ere abiatu dutela adierazi du Etxaburuk. Erronka horri heltzeko, 1.000 makiladun ikurrina banatuko dituzte: hilaren 29ko taldeen aurkezpenean eta uztailaren 1ean, Bilbon; uztailaren 2an Gasteizko irteeran eta Donostiako helmugan; eta uztailaren 3an Zornotzako irteeran, Baionako helmugan eta Bidasoan. Izen-emateak Gure Eskuren atarian egin behar dira, nahi den eguna eta lekua zehaztuz. Parte hartzaileei ikurrina non hartu eta non utzi azalduko zaiela zehaztu du Etxaburuk.
Uztailaren 3an, Irunen
Uztailaren 3ko etapan Bidasoa gurutzatuko du Tourreko pelotoiak, eta lasterketaren etorreraren harira, ekimen bereziak antolatu ditu Gure Eskuk, “bi aldeetan euskaldunak bizi garela eta aldarrikapen ugari dituen herria garela erakusteko”. Gaur goizean azaldu dituzte xehetasunak Irungo Etorbidearen zubian. Etxaburuk nabarmendu du, Gure Eskurentzat “berebiziko garrantzia” duela “bi ideia kontrajarri” gurutzatzen diren espazio horretan “geure herriaren izaeraren erakustaldia” egitea: “Tourreko antolatzaileentzat bertan bukatzen da Espainiako zatia eta Frantziara sartuko da lasterketa. Guretzat dena da Euskal Herria, Bidasoa ez da muga, zubia baizik, eta herri honen jarraipena irudikatuko dugu bertan”.
Uztailaren 3rako hainbat jarduera prestatu dituzte Gure Eskuko kideek. 12:00etan Irungo Santiago frontoian bilduko dira, eta bertatik kalejiran joango dira Santiago zubira Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoekin, erraldoi eta buruhandiekin eta hainbat musikarirekin.
“Uztailean, Euskal Herria osoan, Bidasoaren bi aldeetan, herritarrok berriro ere kalera ilusioz aterako gara eta guztiok batera argi utziko dugu erabaki nahi duen herria garela eta burujabe izan arte, pedalkadaz pedalkada, bidean aurrera jarraituko dugula”, esan du Etxaburuk Tourraren etorreraren harira Gure Eskuk dituen asmoez.
Ikurrina erraldoia eta prentsaren lanketa
Aldarrikapenak ez dira hor geratuko. Gure Eskuko kideek azaldu dute “inoiz egin den ikurrinik erraldoiena” sortuko dutela. Ikurrina horrek ‘Euskal Herriak Erabaki – Basques decide’ mezua izango du grabatua. Uztailaren 1ean Bakion egongo da, 2an Larraitzen, eta 3an, aldiz, Urruñan.
Prentsarekin ere lanketa bat egin dutela baietsi du Etxaburuk, egin duten guztia kokatzeko eta aldarrikapenak zabaltzeko. Atzerritik datozen kazetariek Euskal Herria hobeto ezagutzeko, prentsa dosier bat osatu dute, hamar hizkuntzatan, eta hilaren 28an aurkeztuko dute.