Jai garbi eta jasangarrien aldeko konpromisoa
Txingudi Zerbitzuakek prest du jaietako dispositibo berezia. Inbertsio ekonomikoa %25ean handituko da festek irauten duten denboran, eta txosnetan 20.000 edalontzi berrerabilgarri banatuko dira.
Sanpedro eta sanmartzial jaiak ate joka dira, eta Txingudi Zerbitzuak prest da festei hasiera emateko. Gaur goizean Urdanibia plazan egindako agerraldian, Leire Zubitur Txingudiko Zerbitzuakeko gerenteak eta Valentin Gonzalez hondakinen eta hiri garbiketaren arduradunak “jai garbi eta jasangarrien aldeko konpromiso irmoa” plazaratu dute.
‘Ospatu primeran eta zaindu ingurumena! Gozatu jaiak arduraz eta birziklatu’ lelopean, ostiraletik aurrera, hilak 23, giza baliabideak eta baliabide teknikoak “nabarmen” areagotuko dituen “dispositibo berezia” jarriko dute martxan, “jai garbi eta jasangarriak ziurtatzeko”.
Hiriko kaleak garbi mantendu daitezen, “inbertsio ekonomiko handia” egingo dutela jakinarazi du Txingudi Zerbitzuakek. Zubiturrek adierazi du, zerbitzu arruntaren eguneroko kostua 12.397 eurokoa bada ere, jaietako egun bakoitzean kopuru hori %25ean handituko dela. Horrez gain, gerenteak dei egin die herritarrei “errespetuz jokatzeko, birziklatzeko eta gaikako bilketa guneak erabiltzeko”.
Gonzalezek jaietan zerbitzuak izango dituen hobekuntzak azaldu ditu. Alde batetik, langileen errefortzu bat ezarriko dela aurreratu du, 82 lanaldi gehigarrirekin, festetako egun guztietan zehar banatuta. Bestetik, dispositibo teknikoa ere sendotuko dela baietsi du, espaloi eta galtzadetako erorketa makina, garbitzaile, hidro garbitzaile eta bestelako ekipo espezializatu gehiago erabiliz. “Neurri horiek ospakizun guztietan zehar ingurune garbi eta ordenatua bermatuko dute”, esan du hondakinen eta hiri garbiketaren arduradunak.
Eguneko lehen ordutik garbiketa brigadak egunero antolatuko direla zehaztu du Gonzalezek, ospakizun nagusiak biltzen dituzten eremuak garbitzeko; hala nola, San Juan plaza eta bere ingurua, Kale Nagusia, Sargia parkea, Kolon eta inguruak, Zabaltza eta Luis Mariano, Pio XII.a, Iparralde etorbidea eta Ficoba, Euskal Jai frontoia, Istillaga edota Erromes.
Edalontzi berrerabilgarriak
Jaiei begira, Txingudi Zerbitzuakek Urdanibia plazako lau txosnen eskura 20.000 edalontzi berrerabilgarri jarriko dituela jakinarazi dute, 5.000 txosna bakoitzarentzat. Edalontziak erabiltzeko sistema ohikoa izango dela adierazi du Zubiturrek: “Edalontziak salgai egongo dira txosnetan, euro bateko prezioan, eta nahi beste aldiz erabili ahal izango dira. Ondoren, edalontzia txosnan itzultzean, sartutako euroa itzuliko da”. Jaiak bukatu ondoren, Txingudiko Zerbitzuak arduratuko da entregatutako edalontzi guztiak biltzeaz. Edalontzi horiek enpresa espezializatu batean garbituko dira, edalontziak beste jaiegun batzuetan berrerabiliko direla bermatuz.
Birziklatzeko gune bereziak
Hondakinen kudeaketari dagokionez, birziklatzeko hamar puntu berezi jarriko dira “funtsezko guneetan”, gaikako seinale argi eta espezifikoekin. Hona hemen:
- Urdanibia plazako txosnak: Txosna bakoitzak edukiontzi organiko bat eta 120 litroko beirazko edukiontzi bat izango ditu. Horrez gain, guztientzat puntu bat jarri da kanpoaldean, kartoia, ontziak eta beira bereizteko edukiontziekin. Bilketa maiztasuna ere indartuko da.
- Ficoba: Hainbat puntu jarriko dira gaikako bilketarako lau edukiontzirekin, eta, gainera, beste edukiontzi orokor bat azoketako salerosleentzat materia organikoa, ontziak, kartoia eta beira bereizteko.
- Erdigunea: Herritarrentzat birziklatzeko hainbat puntu jarriko dira, gaikako bilketarako lau edukiontzirekin. Puntu horietako bakoitzak seinaleztapen espezifikoa eta oso agerikoa izango du.
Ezarritako neurri guztiekin, “jai garbi, jasangarri eta ingurumenarekiko errespetuzko ikuspegi integrala” sustatzen dela nabarmendu dute Txingudi Zerbitzuakeko kideek, “herritarrek hondakinak murrizteko eta behar bezala bereizi eta birziklatzeko parte hartze aktiboa izan dezaten”.