Greba feministara deitu dute azaroaren 30ean
Mugimendu feministak zaintza eskubide kolektiboa aldarrikatu du, sinistuta dagoelako "zaintza sistema aldatzea, dena aldatzea dela".
Iragarria zuen mugimendu feministak greba feminista orokorra egiteko asmoa Emakumeen Nazioarteko Egunean. Martxoaren 8az geroztik sareak ehuntzen eta trinkotzen hasi zuten bidea greba feminista orokorra helburu, Denon Bizitzak Erdigunean izeneko prozesuaren barruan, herriz herri, auzoz auzo antolatuta. Prozesu horren helburua “aliantzak eta proposamenak bateratzea izan da herri mugimenduekin eta eragile soziosindikalekin”.
Mugimendu feministak zaintza eskubide kolektiboa aldarrikatu du, sinistuta dagoelako “zaintza sistema aldatzea, dena aldatzea dela”, eta zaintza sistema publiko komunitario baten alde hartuko dituela kaleak greba orokorrarekin azaldu du: “Pribatizazioaren eta merkantilizazioaren aurka, zaintza lanetan eta sektore feminizatuetan baldintza onartezinetan bizi garen emakumeon eskubideen alde”. Gaur egungo sistema bere horretan mantentzearen alde egiten dutenei “ardura eta erantzukizuna” eskatuko dietela gaineratu du mugimendu feministak, “izan ere, guztion ardura da aferari erantzutea”.
Lehen lerroan, bizitza duinen aldeko borroka jarriko du mugimendu feministak azaroaren 30ean. Zaintza guztion auzia dela aintzat hartuta, eta ez bakarrik emakumeena, lanketa berezia egingo duela gizonek ere bat egin dezaten azaldu dute, “eztabaidagai da, ordea, horiek beteko duten rola”.
2018an izan zen lehen greba feminista Euskal Herrian, eta orduko hartan lau arlotan egin zuten planto emakumeek: Zaintza, kontsumoa, hezkuntza eta lan arloan. 2019an, berriz, planto jendetsua egin zuten. Zaintzaren gaia nabarmendu zen orduan.