"4.057 esker" eman dizkie herritarrei Irungo EH Bilduk
Elkarlanerako "eskua luzatua" duela adierazi dute abertzaleek, eta jeltzaleak "alternatiba" izatea zalantzan jarri dute. "Hirugarrenez Irungo EAJk ez du alkatetzarako hautagaitzarik aurkeztu".
Irungo udalbatza osatu denean erabaki du Irungo EH Bilduk “irundarren babesa eskertzeko”. Gutun baten bidez, Ane Unanue koalizio abertzalearen ordezkariak eskerrak eman dizkie bozkatu dieten 4.057 herritarrei, eta eskertu egin diete ere Elkarrekin-Podemos-Ezker Anitzakoak, Oihana Brionesen hautagaitza bozkatzeagatik .
Unanuek dio parte hartzeak “nabarmen behera” egin duela, baina EH Bilduk datu positiboei erreparatu nahi izan dio: “EH Bilduk orain dela lau urte baino boto gehiago jaso zituen, eta zinegotzi kopuruan ere gora egin dugu”.
Maiatzeko hauteskunde kanpainari begira jarri eta orduko hitzak ekarri ditu abertzaleak: “maite genuen hiria egiteko proiektua genuela esan genuen, Irunek aurrean dituen erronkei erantzun bat emateko prest ginela eta herritarren bizitzak errazteko politikak egiteko helburua genuela”. Beraien burua berretsi dute ere, “esaten duguna egin, eta egiten duguna esaten dugu”.
Hitza betetzeko asmoarekin hautagaia aurkeztu zutela azaldu du Unanuek, eta Briones ez ezik Jose Antonio Santanok aurkeztu zuen hautagaitza ere. Zalantzan jarri dute EAJk azken adierazpenetan “alternatiba” direla esan izana: “Azken hilabeteetako adierazpenetan euren burua alternatiba bakar gisa irudikatu nahi izan duten arren, beste behin, hirugarrenez, Irungo EAJk ez du alkatetzarako hautagaitzarik aurkeztu”.
EH Bilduk “eskua luzatua du taldeen arteko elkarlanaren bitartez gizarte justuago baten aldeko politikak bultzatzeko”, eta proiektua defendatze aldera diote “proiektu eta proposamenak bermea” direla Irunentzat. Orain arte hori erakutsi dutela dio Unanuek, “eta erakusten jarraituko dugu erantzuna behar duten gizarte erronka garrantzitsuen aurrean”.
Sinatu dituzten akordioak “herritarren bizitzak hobetzen” dituztenak izan direla dio abertzaleak, “eta herritarrek emandako indarra baliatuz, adostasunak bilatzen jarraituko dugu datozen lau urteetan”.
Lortutakoaz eta lortzeko daudenez hitz egiten bukatu du zinegotziak: “Maiatzaren 28an egin genuen eta hurrengoetan berriro egingo dugu. 4.057 esker!”.