Tokiko artisautza sustatuz
Irungo turismo bulegoak gune berri bat du bertako artistek beren lana ezagutarazteko eta sortzen dituzten artisau produktuak erakusteko.
Irungo turismo bulegoak gune berri bat du bertako artistek beren lana ezagutarazteko eta sortzen dituzten artisau produktuak erakusteko. Egitasmo hori Bidasoa Bizirikek Kolore Kolore elkartearekin lortutako lankidetza hitzarmenaren emaitza dela adierazi du Bidasoko garapen agentziak. Proiektuaren barnean hainbat diziplinetako 17 artista daudela baietsi dute, eta ikusgai dauden objektuak “maiz” berrituko direla eutsi dute, “erakusketa aldakorra izan dadin”.
Momentu honetan, turismo bulegoan ikusgai dauden produktuak ondorengo artisauenak dira: Seremos Tierra Alma (makramea eta bitxiak), Olifer (zeramika), eta Belitz (zianotipiak, XIX. mendeko argazki prozesua). Datozen asteetan elkarteko beste produktu batzuk erakutsiko direla zehaztu du Bidasoa Bizirikek.
Eskualdeko sormen eta artisautza jarduera garatzea eta turismoa bultzatzea Irungo eta Hondarribiko Udalek Bidasoa Biziriken bidez sustatzen duten helburuetako bi direla zehaztu dute. Abiatu den egitasmoak bisitariek eta turistek “produktuen benetakotasuna eta balio artistikoa ezagutu dezaten aukera bikaina” eskainiko duela jakinarazi du garapen agentziak.
Kolore Kolore antzeko interesak edo kezkak dituzten artisau eta artisten jarduera bateratzeko sortu den elkartea da. Gehienbat emakumeez osatutako taldea dela esan esan du Bidasoa Bizirikek, eta artisautzari eta bertako produktuei balioa eman eta beren lana hainbat ikuspegitatik ezagutarazten dute. Beren helburuen artean, honakoak dituzte: artisautza sustatzea eta zabaltzea, artisau produktuaren kalitatea areagotzea, lankidetza sustatzea, eta beren produktuak merkaturatzeko bideak irekitzea.
Agintariak “pozik” dira abiatutako egitasmoarekin. “Eskualdean garapen ekonomikoa eta turistikoa sustatzeko gure misioan ekimen garrantzitsua da. Kolore Kolorerekin daukagun lankidetza urrats esanguratsua da gure eskualdeko nortasun kulturala indartzeko eta tokiko artisautzarekiko estimua sustatzeko”, adierazi du Miguel Angel Paez Bidasoa Biziriken presidenteak.
Maria Serrano garapen agentziaren lehendakariordea ere Paezen ildotik mintzatu da: “Artisautza balio kulturala eta gure tradizio eta trebetasunen adierazpen paregabea da. Funtsezkoa da artisauen jarduerak babestea eta sustatzea, beren sorkuntzak erakusteko gune egokiak eskainiz”.