Proposatu dute «konpainia misto bat» sortu behar lukeela Alarde fundazioak
Hondarribiko etxeetan agiri bat banatu dute proposamenarekin; herritar talde batena da. Jaizkibel behin aipatu dute: «autokritika» eskatu diote
Hondarribiko buzoietan agiri bat zabaldu dute. Saindua proposamena izenekoa da; Hondarribiko hamarnaka lagunek izenpetu dute, eta beste hainbat herritarren babesa ere badutela jarri dute. Irekia da: nahi duen oro atxiki daiteke. «Gatazka luze bati irtenbidea ematea proposatzen du, inplikatutako eragile guztiek eskuzabaltasunez jokatuko dutelakoan», jarri dute. Hizpide duten «gatazka» alardearena da: «luzea» da, bai, eta gogorra. Usadio horretan aldarri parekideak izan duen kontrakotasunaren ondorioa da; 1996an lehen aldiz andreek Irun eta Hondarribiko desfileetan sartzea erabaki zutenean, gogor lehertu zen, eta, ordutik, aparteko desfileak egin behar izan dituzte hautu parekidearen aldekoek: baztertuta, irain eta eraso artean usu, udal erakundeen babesik gabe. «Jarrera desberdinen arteko lotura puntua» izan daitekeelakoan, Sainduakoek proposamen bat egin diote andrerik onartzen ez duen desfilearen antolatzaileari, Alarde fundazioari: «Konpainia misto eta konkretu bat non emakumeek soldadu gisa parte hartzeko era izango luketen».
Aitortu dute proposatu duten bidearen «ahultasun formala»; badakite ez diela erantzuten gizartean egun «parekidetasunari dagokionez gertatzen ari diren aldaketei», baina uste dute horixe dela proposamenaren «indarra». Halaxe argudiatu dute paradoxa, hitzez hitz: «Hondarribiar bakoitzak daukan Alardearen idealaren zati bati amore emateko deia egiten du proposamenak».
Jaizkibel konpainia da egun Hondarribian ateratzen den konpainia misto bakarra; bakartuta atera behar izaten du, bere kasa. 1997an atera ziren lehenengoz, eta jazarpen giro gogorrean desfilatu behar izan dute urte askotan. Behin aipatu dituzte testuan, «autokritika» eskatzeko. Horra: «Ireki daitezkeen egoera berrien aurrean, Jaizkibelek ariketa autokritiko bat egitea garrantzitsua izango litzateke, bere ibilbideari eta duen zereginari buruzko hausnarketa bat eginez».
Aldarri parekiderik ez
Aldarri parekiderik ez da agirian. «Gizartea» eta «legediak» aldatzen ari direla nabarmendu dute, eta alardeak baztertzailea izaten jarraitzen badu ezingo duela izan «etorkizun duin bat»: horregatik nahi dute aldaketa. EAEko Berdintasun Legea 2022ko martxoan aldatu zutela gogoratu dute, «espresuki» debekatuta dagoela berdintasun baldintzetan egiten ez diren oroitzapen jarduerak antolatzea espazio publikoetan, eta, 2007an Auzitegi Gorenaren sententzia bat hautu baztertzailearen aldekoa izan bazen ere, ez dakitela zer bide egin daitekeen egun soilik lege babes horrekin. «Testuinguru honen aurrean, norbaitek uste al du Alardea babestuta dagoela?».
Testuan behin eta berriz agertzen da proposamenaren asmo behinena dela Alardea «babestea». Gainerakoan, egungo eran jarraituta «gain behera» dagoen etorkizun bat izan dezakeen susmoa dute. «Legeak». «Komunikabideak». «Gizartea». Pentsatzen dute horiek guztiek Alardea «zapaldu» egingo dutela egungo eran egiten jarraitzen bada: hortik kezka. «Horrela jarraituz gero, gaurko gazteak biharko kaltetuak izango dira».
Aldarri parekideak hamarraldiak daramatza lehen lerroan, baina, haien ustez, orain da «trantsizio» bat hasteko garaia. Gogoratu dute 2019an Guztion Alardea mugimendua ere abiatu zela. Herriko hainbat gaztek jarri zuten martxan, alarde parekidearen alde daudela argi esan dute, eta, horren abaroan, iaz 64 andrek eskari bat egin zieten Alarde fundazioari eta udalari: Alardean parte hartu nahi zuten. Ez zuten baiezko erantzunik jaso. Baina mugimendu horren inguruan gertatu diren hainbat jazoerak, orain aurkeztu duten agiriaren sustatzaileen arabera, erakusten du «prozesu pertsonal eta kolektibo bat» irekitzeko garaia dela.