Denboraldia bukatuta eta mailari azken jardunaldian eutsita, Igor Emery Real Unionen presidenteak eta Mikel Bengoa kirol zuzendariak sasoiaren balantzea egin zuten maiatza bukaeran. Klubeko agintariek hartu zuten lehen neurrietako bat izan zen Iñaki Goikoetxeak ez zuela jarraituko lehen taldeko entrenatzaile gisa, baina lehen taldeko teknikariei lotuta jarraitzeko nahia plazaratu zuten.
Real Unionek, baina, jakinarazi berri du Goikoetxeak ez duela Irunen jarraituko, beste proiektu profesional berri bati ekiteko asmoaren berri eman baitio klubari: “Duela aste batzuk prentsaurrekoan esan genuen bezala, Goikok lehen taldeko teknikariei lotuta jarraitzea nahi genuen, baina proiektu profesional berri bat sortu zaiola jakinarazi digu. Real Unionetik esker oneko hitzak besterik ez ditugu berarentzat, egin duen lanagatik. Goikok badaki Irun bere etxea dela eta ateak zabalik izango dituela itzuli nahi badu. Ziur gaude bidean aurkituko garela berriro”, adierazi du Igor Emeryk.
Goikoetxeak badu bere ordezkoa dagoeneko Galeko aulkian. Real Unionek jakinarazi du Fran Justo izango dela txuri-beltzen prestatzailea datorren denboraldian. Galiziarra da (Ourense, 1989), eta Nogueira, Ourense, Arenteiro eta Lugo taldeak entrenatu ditu bere ibilbide profesionalean. Nogueira, Ourense eta Arenteiro taldeekin igoerak lortu ditu. Arenteirorekin, gainera, Federazio Kopa irabazi zuen iaz, eta Bigarren Federazioko bere multzoan lidergoan joan eta Espainiako Kopan Lehen Mailako Almeria kanporatu ondoren, Lugok fitxatu zuen Espainiako Bigarren Mailan aritzeko. Lugoko fitxaketak bitxikeria bat ere badu, Futbol Liga Profesionaleko prestatzaile gazteena bihurtu baitzen.
“Entrenatzailearen hautaketa prozesuaren barruan, oso zorrotzak izan gara profila egiteko orduan, eta argi eta garbi izan dugun bezain laster, merkatura joan gara Real Unionek Lehen Federazioan lehiatzeko behar duenera ondoen egokitzen den pertsonaren bila. Franek lehen elkarrizketetatik erakutsi digu ilusio handia duela Real Unionen proiektuarekin bat egiteko, aukera gisa ikusten duela, gose dela eta hazi eta kluba hazi nahi duela. Klubetik partekatzen dugun pentsamolde eta anbizio horretatik abiatuta, Franekin lanean ari gara ilusioz beteriko talde lehiakorra osatzeko”, nabarmendu du Emeryk Justoren fitxaketaz.
Agurrak
Iñaki Goikoetxea ez da izango Real Union utziko duen kide bakarra, klubak jakinarazi baitu Shinichi Chan, Aitor Seguin, Jon Ander Perez, Marc Vales eta Julen Agirre jokalariek ez dutela talde txuri-beltzean jarraituko datorren denboraldian. Klubak beren profesionaltasuna eskertu eta onena opa die etorkizunean.