Motor hotsek Hondarribia estaliko dute
Asteazkenean lur hartuko du Wheels and Waves jaialdiak Hondarribian Punk's Peak Race proba motoziklistarekin.
Hamabigarrenez jasoko du Hondarribiak Punk’s Peak Race proba motoziklista, Wheels and Waves jaialdiaren parte dena. Asteazkenean (hilak 21) eguerdiko 13:00etan emango diote hasiera lasterketari Jaizkibelgo Paradore zaharrean. Parte hartzaileen artean daude, besteak beste, Christian Sarron, Hard Enduro, edo Pol Tarrés, mundu mailan ezagunak diren pilotuak. Richard Hammond britainiar aurkezle famatua ere bertan izango da.
Lasterketa dela eta, motorrentzako soilik zabalduko dute Hondarribitik Jaizkibel mendira doan errepidea. Autoarekin bertaratu nahi duenak Pasaiako errepidetik egin beharko du, 11:30etik 13:30era bitarte.
Urtero bezala, Hondarribiko San Pedro kalean izango da lasterketaren sari banaketa, 17:00etan. Sariak banatzeaz gain, motor bereziak ikusteko aukera izango da ere.
Miarritzen sortu zen jaialdia
Miarritzetik Donostiaraino heltzen da surfa, skatea, motorrak, artea eta musika uztartzen dituen Wheels and Waves jaialdia. Hilaren 21etik 25era gauzatuko da XII. edizioa. Miarritzen surf eta skate probak egingo dira. Donostiako Hipodromoan, berriz, ‘El Rollo’ Flat Track proba ikusi ahal izango da, larunbatean 14:00etatik aurrera. Sarrerak fly actionsen webgunean eskuratu daitezke, edo egunean bertan 11:30etatik aurrera leihatilan. Informazio gehiago hurrengo estekan.