Mariñok eta Real Unionek emakumeen campusa abiatu dute udarako
2007 eta 2014 urteen artean jaiotako neskentzat zuzenduta dago. Galeko anexoan egingo da, bi astez, uztailaren 17tik 28ra, 09:00etatik 13:00era. Izen-emateak irekita daude.
Mariñok eta Real Unionek, elkarlanean, emakumeen udako campusa antolatu dute udarako, 2007 eta 2014 urteen artean jaiotako neskei zuzenduta dagoena. Campusa Stadium Galeko zelai anexoan egingo da, bi astez, uztailaren 17tik 28ra, 09:00etatik 13:00era. Parte hartzaileak bi adin taldetan banatuko dituzte: 2007 eta 2010 urteen artean jaiotako neskak eta 2011 eta 2014 urteen artean jaiotakoak.
Prezioak parte hartzen den astearen araberakoak izango dira. Astebetez parte hartzeak 75 euroko kostua izango du, eta bi astez, aldiz, 135 eurokoa. Horrez gain, bi ahizpek parte hartu nahi badute, deskontuak izango dira: astebetez bi ahizpa apuntatuta, 140 euro ordaindu beharko dira eta bi astez bi ahizpek, 250. Hiru ahizpa astebete apuntatzea 205 euro izango dira, eta bi astez hiru ahizparen izen-ematea, 360 euro izango dira.