Hondarribiarrek txukun hasi dute KAE1 Liga
Larunbatean, Donibane-Ziburuko Bandera izan zuten jokoan. Igandean, berriz, XIII. Kepa Deun Arrantzaleen Kofradia Ikurrina.
Joan den larunbatean hasi ziren KAE1 eta ETE arraun ligak. Emakumeen mailan ez dago Oarso-Bidasoko ordezkaririk, Hibaika eta Hondarribia EuskoTren Ligan arituko baitira aurten, uztailaren 1ean hasita. Gizonezkoetan, berriz, Hondarribia Bk bederatzigarren amaitu du asteburua. San Pedro, atzo eskuratutako garaipenarekin, ligako liderra da eta San Juan, bigarrena.
Donibane-Ziburuko Bandera izan zuten jokoan herenegun KAE1-eko arraunlariek, Hondarribiarrak bigarren txandatik abiatu ziren. Hainbat ezustekori aurre egin behar izan zioten: estropada atzerapenarekin hasi zen. Hortaz, arraunlariek luzaroan itxaron behar izan zuten uretan. Eta itxaronaldiaren ondoren, nesketan gertatu bezala, bi minutuko lana egina zutelarik irteera baliogabetu eta berriz lerrokatu behar izan ziren. Azkenean, hamargarren amaitu zuten jarduna.
Atzo, igandea, XIII. Kepa Deun Arrantzaleen Kofradia Ikurrina jokatu zuten Pasaian. Hondarribiarrek larunbateko arantza kentzea lortu zuten. Zazpigarren izan ziren, seigarren postua zentesimetara izan zutelarik. Hasi eta buka, beren txandako aurkariei aurrea hartu eta tartea handituz joan ziren.
Gauzak horrela, eta ligako lehen bi norgehiagoketako puntuak batuta, pasaitarrak dira buru KAE1en. San Pedrok 22 punturekin du buruzagitza, eta bi puntu gutxiagorekin atzetik du San Juan. Bidasoko ordezkari Hondarribia B bederatzigarren da, bederatzi punturekin. Horra hor sailkapen orokorra:
KAE1, sailkapena
Elkartea | Puntuak | |
---|---|---|
1º | Sanpedrotarra A.E. | 22 |
2º | San Juan CMO Valves | 20 |
3º | Lapurdi Antton Bilbao | 20 |
4º | Zumaiako Telmo Deun A.k.e. | 18 |
5º | Arkote A. T. | 16 |
6º | Zarautz Gesalaga Okelan | 13 |
7º | Camargo | 13 |
8º | Pedreña | 12 |
9º | Hondarribia | 9 |
10º | Deusto-bilbao | 7 |
11º | Busturialdea | 3 |
12º | Castro Canteras de Santullan | 3 |