Izena eman daiteke udako Alde Zaharreko danborradarako
Abuztuaren 19an izango da aurtengoa. Edizio honetan parte hartzeko dei berezia egin diete hiriko elkarte gastronomikoei.
Xantalen jaiak antolatzen hasi dira Alde Zaharra San Juan Auzo Elkartekoak eta 2018. urtean hasi zuten danborrada aurten ere egingo dutela iragarri dute. 2023an, abuztuaren 19an, larunbata, egingo da danborrada.
Edizio honetarako “dei berezia” egin diote parte har dezaten elkarte gastronomikoei, “beraien kideak ekartzeko, ibilbidean zehar beraien martxak jotzeko edo euren banderak eramateko”.
Urtetik urtera “handituz” doan ekitaldia dela azaldu dute antolatzaileek eta herritarrak ere “hobeto” baloratzen hasi direla ere diote. Auzotarrei ere ireki dizkiete ateak eta dagoeneko izena eman edo informazioa eskatu daitekeela ere jakinarazi dute, mezu bat bidalita.