Igor Enparan izango da Hondarribiko alkate
EH Bilduko Garoa Lekuonak jakinarazi du larunbateko udalbatzarrean "aldaketaren alde" bozkatuko dutela bilkideek.
Sorpresarik ez da izango larunbatean. Alkate berria izendatzeko eta udalbatza osatzeko ezohiko udalbatzarrak, aldaketa ekarriko du herrira. Abotsanitzeko Igor Enparan izango da Hondarribiko alkate 2027ra arte. Abotsanitzek hauteskundeak irabazi zituen zazpi zinegotzi lortuta, EAJren seien aurrean. EH Bilduko Garoa Lekuonak Antxeta Irratian egindako elkarrizketan iragarri zuen “aldaketaren alde” egingo dutela etziko udalbatzarrean, beraz, Enparanen alde egingo dutela koalizio subiranistaren bi hautetsiek. EAJren urte luzetako nagusitasuna bukatuko da.
EH Bilduk maiatzaren 28tik bertatik esana zuen aldaketa “gauzagarri” egiteko urratsen alde egingo zuela. Esandakoa bete dute: “Ekainaren 8an egindako Herri Batzarrak, EH Bilduk hauteskundeetan lortu dituen bi zinegotziek aldaketaren aldeko bozka ematea erabaki du. Hortaz ekainaren 17ko inbestiduran, aldaketaren alde bozkatuko dugu, gure bi zinegotziak giltzarri izanik Abotsanitzeko Igor Enparan Araneta alkategaiak gehiengo osoa eskura dezan. Hondarribian, 2023-2027 legealdia, aldaketaren legealdia izango da, eta Hondarribiko EH Bilduk aldaketaren aldeko jarrera eraikitzailea izango du, ilusiotik”.
Alkatetzaren gaia bideratuta, orain ikusi beharko da Abotsanitzek eta EH Bilduk gobernu akordioaren alde egingo ote duten.
Larunbateko kargu hartze udalbatzarra 11:00etan izango da, udaletxean.