Frantziako Tourrak eragina izango du Hondarribiko errepideetan
Euskal Herritik abiatuko da aurten Frantziako Tourra. Hondarribira uztailaren 2an helduko da. Segurtasuna bermatzeko eta herritarrak aldez aurretik antolatzeko trafiko aldaketen berri eman du udalak.
Uztailaren 2an helduko da Frantziako Tourra Hondarribira. Txirrindularitza lasterketa ospetsuak hirian barrena eragingo dituen afekzioez mintzatu da gaur Gonzalo Carrion, Igor Enparan eta Noemi Odriozolarekin batera, zer egin eta nola mugitu azaltzeko bai eta gomendioak emateko ere.
15 kilometro egingo ditu tourrak Hondarribian eta Gonzalo Carrionen ustez lasterketaren “toki erabakigarria” izango da gainera, Hondarribitik igarota 15 km geratuko zaizkielako helmugara heltzeko. Tourra Hondarribira heltzea ez da kasualitatea izan. Bi urteko lanketaren emaitza dela jakinarazi du Carrionek: “Bilbotik irtengo zela esan zutenean hasi ginen lanean”.
Tourra Zubieta kaletik sartuko da herrira, gutxi gora behera arratsaldeko 16:26ean. Jarraian, Mendelu eta Amute auzoak igaro eta Aireportuko errepidetik gabarrariko biribilgunera helduko dira. Ondoren, Minasoroetako biribilgunetik Harresilandan barrena abiatuko dira eta Kopa biribilgunera heldu arte. Handik, beherantz egin eta Labreder biribilgunetik Guadalupeko santutegirantz abiatuko dira Jaizkibelera heldu arte. Ordutegiak udalak tourrerako informazio guztia eskaintzeko prestatu duen webgunean ikus daitezke.
Trafiko aldaketak
Segurtasun arrazoiengatik, Jaizkibelgo igoeraren trafikoa izango da eteten lehena. Ekainaren 30etik (ostirala da) aurrera izango da hori. Bizilagunek soilik igo ahal izango dute Jaizkibelgo errepidetik gora. Ziurtagiri berezi baten bidez bertan bizi direla adierazi beharko dute. Ziurtagiria udaltzaingoan eskura daiteke.
Ondoren, uztailaren 2an bertan, goizeko 11:30ean itxiko dituzte ibilbidearekin bat egiten duten herriko errepideak. Hala ere, 14:30etan segurtasuna areagotu egingo dutela azaldu du Carrionek, ordu horretan igaroko baita 200 ibilgailuz osatutako karabana.
Orotara, bost orduz itxiko dituzte errepideak, arratsaldeko 17:00etan ohiko zirkulazioa berreskuratuko den arte.
Oinezkoentzako bideak
Lasterketa Guadalupeko Santutegitik edo Jaizkibeldik jarraitu ahal izateko oinezkoentzako lau ibilbide zabalik egongo dira:
- Amute auzotik Guadalupera igotzeko dagoen landa eremuko bidea.
- Botika inguruko bidetik barrena landa eremutik gora.
- Madalenagaineko eskailera mekanikoetatik.
- Eta Hondartza kiroldegitik.
Halaber, San Nikolas zubian lasterketa ikustea debekatuta egongo dela jakinarazi dute, soilik beste aldera gurutzatzea ahalbidetuko da.
Guztira, 40 udaltzain, 33 bolondres eta 8 ertzaina arituko dira laguntzaile gisan, lasterketa behar bezala irten dadila bermatzeko asmoz. Bestalde, kontingentzia plana prestatu dutela azaldu du Carrionek. Larrialdirik gertatu ez gero protokolo bat martxan jarriko da. Xehetasunak hondarribiko Udal webgunean aurki daitezke.
Uztailaren 3a (astelehena)
Uztailaren 3an tourraren hirugarren etapa abiatuko da. Egun horretan tourra Hondarribitik igaroko ez bada ere (Irundik igaroko da), herriko sarbidea zein irteera oztopatuko dituela jakinarazi dute. Astelehena denez gero, lanera joateko edo beste edozein hitzordurako AP-8a erabili behar izango da halabeharrez. Alabaina, “ahal den neurrian” autoak ez erabiltzea gomendatu du Carrionek. Irungo ibilbidea eta trafiko xehetasunak ezagutzeko joan hurrengo albistera.