Txosnako araudian musika noiz kendu jaso du udalak eta alarde baztertzailearen jarduerei bakarrik kasu egin izana salatu dute Sortuk, Ernaik eta Hazia Kultur Elkarteak.
Hazia Kultur Elkarteak, Irungo Ernaik eta Irungo Sortuk salatu dute udalak txosnetan bi momentutan musika kentzeko eskaria egin duela eta bi momentu horiek alarde baztertzailearen jarduerak izan bitartekoak direla. “Publikoki salatu nahi dugu udalak berriro ere bigarren mailan jartzen duela alarde publiko eta parekidea, haien plangintzetan aintzat hartu gabe”.
Orain arte Irungo Udalak ekainaren 30ean “gizonek eta gizonez osaturiko alardeari pribilegio eta onurak” ematen zizkiola jakina zela diote taldeek, “ez baitute ezer ezkutatzen” nahiz eta “udalak herrian bi alarde edukitzearen normaltasuna saldu nahi duen”.
Deitoratu dute udalaren alarde baztertzailearen aldeko politika ez dela egun batera mugatzen, “halako gehiago ere badira”. Txosnaren araudian txosnetako musika noiz kendu behar duten jaso dute eta badira bi momentu alarde baztertzailearen ekintzengatik murrizten dela soinua, hain zuzen:
- Ekainaren 25ean, 22:30etik aurrera, “alardeko banda eta danborradaren entsegua”. Alarde bakarraren irakurketa egiten du udalak eta data hori baztertzailearen entseguei dagokio.
- Ekainaren 29an, 22:00tatik bukatu arte, “Lastargidunen ekintzaren oroitzapena”. Lastargidunen desfilea alarde baztertzaileak soilik egiten duen jarduera bat da.
Alarde parekidearen ekitaldiak kontuan hartu ez izana salatu dute, “ez da alarde publikoko ekitaldirik agertzen eta alardeko banda eta danborrada bat eta bakarra dagoela adierazten du idatziak; haiek saldutako diskurtsoa sinesten ez dutela agerian utziz”.
Izan ere, txosnak Urdanibia plazan daude eta ekainaren 29an alarde parekideko banda eta danborradak ere entseatu egiten dute bertan. Entsegu horretan musika kentzea ez dago aintzat hartuta, albiste bukaerako araudiaren argazkian ikus daitekeen bezala.
Ezker Abertzaleak alarde parekide eta bakarraren alde daudela eta “haien normaltasunean bizi nahi” dutela adierazi dute. Bide horretan, “irmo adierazi nahi dugu ez dugula halako gutxiespenik onartuko, gure eskubideak borrokatuko ditugula eta gaizki kudeatutako “normaltasuna” salatzen jarraituko dugula”.