Errespetu eta bizikidetza kanpaina bat jaietarako
'Jaietan, kontrolatu zure burua!' lelopean, gozamena eta atsedenerako eskubidea bateragarri egitea helburu duen kanpaina sortu dute. Alkoholaren eta beste droga batzuen kontsumoa prebenitzeko hainbat ekintza ere egingo dituzte.
Sanpedro eta sanmartzial jaiak gainean dira, eta ospakizunen esparruan, Irungo Udalak, Irungo Auzo Elkarteen Federazioak eta Danok Bat ostalaritza elkarteak sentsibilizazio kanpaina bat sortu dute errespetua eta bizikidetza ardatz dituena. ‘Jaietan, kontrolatu zure burua!’ lelopean, “ohitura onak sustatzeko” kanpaina bat abiatu dute, “gozamena eta atsedenerako eskubidea bateragarri egitea” helburu duena.
Udaleko Udaltzaingoko jarduneko ordezkari Cristina Labordak adierazi du kanpainaren bidez, irundarrak “errespetuz eta arduraz gozatzera” gonbidatu nahi dituztela, “jaiak harmonian ospatzeko”.
Sektore inplikatu guztiekin izandako harremanetan, ordutegiak zein egunetan luzatuko diren jakinarazi eta ostalariak zarata arazo orokorrarekin sentsibilizatu eta ondorioak arintzeko zer neurri har ditzaketen jakinarazi zaie. Horrez gain, prebentzioari dagokionez, eskutitz bat bidali diete hiriko ostalari eta merkatariei, gogorarazteko debekatua dagoela adingabeei legez kanpo alkohola saltzea. Era berean, jaietan alkoholaren eta beste droga batzuen kontsumoa prebenitzeko hainbat ekintza egingo direla iragarri du Labordak. Hona hemen:
Alkoholemia prebentiboa kuadrillen bazkariaren ondoren:
- Data: Hilak 24, larunbata.
- Ordutegia: 17:00etatik 20:00etara.
- Lekua: Ficoba.
Drogei buruzko testinga eta informazioa:
- Data: Ekainak 28, asteazkena.
- Ordutegia: 00:00etatik 03:00etara.
- Lekua: Urdanibia plaza.
Botiltzarra diskofestan zehar:
- Data: Ekainak 30, ostirala.
- Ordutegia: 21:00etatik 01:00etara.
- Lekua: Urdanibia plaza.
‘Jaietan, kontrolatu zure burua!’
Beste urteetan egin bezala, sanpedro eta sanmartzialetarako sortu duten kanpaina jai egitarauan txertatu dute. Udalak zehaztu du “ahalegin gehigarria” egingo duela “kanpaina kalean ikusarazteko eta errespetuzko jokabideak gorde beharraz sentsibilizatzeko”. Jaietako egitarauan argitaratutako irudian “bizikidetzaren aldeko oinarrizko piktograma batzuk” nabarmendu dituztela zehaztu du udal erakundeak; hala nola, herritarrek elkar errespetatzea, zakarrontziak erabiltzea, alkohola arduraz kontsumitzea eta komun publikoak erabiltzea bultzatzen dutenak.