Aldarrikapenak, Frantziako Tourraren etorreraren harira
Tourra uztailaren 3an iritsiko da Irunera, eta hainbat jarduera prestatu ditu Gure Eskuk lasterketaren etorreragatik. Horrez gain, Gure Eskuren furgoneta ibiltaria Mosku plazan izango da larunbat honetan egitasmoaren berri emateko.
Frantziako Tourra uztailaren 1ean hasiko da Bilbon, eta uztailaren 2an eta 3an ere Euskal Herrian zehar ibiliko da. Lehen etapa Bilbon hasi eta bukatuko da, bigarrenak Gasteiz eta Donostia lotuko ditu, eta hirugarrena Zornotzatik Baionara joango da. Tourra Euskal Herrian izango denez, Gure Eskuk “zazpi probintziaz osatutako nazio bat garela eta erabakitzeko eskubidea dugula” aldarrikatzeko deia luzatu du, ‘Basques decide. Euskal Herriak erabaki!’ lelopean.
Gure Eskuren helburua da Tourrak Euskal Herria gurutzatuko duen hiru etapa horietan ibilbide osoa ikurrinez eta aldarrikapenez betetzea. Horretarako, “milaka ikurrina” banatuko dituzte, eta “sekula egin den ikurrina handiena” kaleratuko dute. Deialdi horri helduz, hainbat jarduera antolatu dituzte eskualdez eskualde.
Bidasoari dagokionez, deialdi esanguratsuena uztailaren 3an izango da, Tourra Irundik Hendaiara pasatuko baita. Pelotoiak muga gurutzatuko badu ere, Tourrak Euskal Herrian jarraituko duela aldarrikatu nahi du Gure Eskuk Irunen: “Batzuk muga zeharkatuko dela irudikatu nahiko duten arren, guk Tourrak Euskal Herrian jarraituko duela aldarrikatuko dugu, Santiago zubian bereziki. Bidasoa ez da muga, zubia baizik, eta bi aldeetan Euskal Herria dugu”.
Uztailaren 3an ibilbide osoa ikurrinez eta aldarrikapenez betetzea eskatu du Gure Eskuk. Horrez gain, Santiago zubiaren ingurura bertaratzeko deia luzatu dute, bertan gauzatuko baitute aldarrikapen nagusia. Honakoa da uztailaren 3rako ondu duten egitaraua:
- 12:00: Santiagoko frontoian elkartuko dira. Bertatik kalejiran abiatuko dira Santiago zubira. Kale animazioa, buruhandiak, erraldoiak edota Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen emanaldia egongo dira.
- 14:00: Santiago zubian kokatuko dira, eta bazkaltzeko aukera egongo da.
- 16:00: Etapa ordu horretan iritsiko da. Aurretik Tourraren karabana pasako da.
Larunbat honetan, Moskun
Tourreko egitasmoa zabaltzeko, Euskal Herri osotik bueltaka dabilen furgoneta ibiltaria Irunen izango da larunbat honetan, hilak 17. 11:00etatik 13:00era Mosku plazan izango dira informazioa banatzen eta materiala saltzen. Tourraren harira antolatutako egitasmoak ezagutu nahi dituen oro gonbidatu dute Urdanibia plazara gerturatzera.