Ostiralean bukatuko dituzte Blaia hiribideko lanak
Jarduketa horien baitan galtzada eta espaloiak hobetu eta argiztapena aldatu dute. Lanak bukatzeko, gaur, bihar eta etzi Blaia itxita egongo da bi noranzkoetan, 09:00etatik 19:00etara.
Irungo Udalak jakinarazi du aste honetan bukatuko direla Blaia hiribidea berritzeko lanak. Obrak “bizilagunen eskaera bati” erantzuten diotela adierazi du udalak, eta jarduketa horren baitan, galtzadaren eta espaloien egoera hobetu da. Zorua berrituta, eta plataforma guztiz berritu behar zela baliatuz, beheranzko erreiko areka ere osorik aldatu da. Horrez gain, “argiztapena eraginkor eta uniformeagoa” izan dadin, LED argiak jarri dituzte argi puntuen ordez; horrela, “argi kutsadura txikiagoa” izango dela zehaztu du udalak.
Lanei bukaera emateko, baina, gaur, bihar eta etzi (asteazkena, osteguna eta ostirala) Blaia hiribidea itxita egongo da bi noranzkoetan, 09:00etatik 19:00etara. Artia auzora doan trafikoa Dario de Regoyos kaletik bideratzen ari dira, eta Artiatik datorrena, aldiz, Teodoro Murua eta Cesar Figuerido kaleetatik. Udalak aurreratu du “larunbatean berriz ireki eta normaltasunera itzuliko” dela Blaia hiribidea.
L-3 hiri autobusak bertan behera utzi du Blaia 22ko geralekua trafiko mozketak dirauen bitartean, baina gainerako ordutegiak mantentzen direla zehaztu du udal erakundeak. Horrez gain, udalak gogorarazi du, bihartik aurrera (hilak 15) autobusa San Martzial-Txingudi kiroldegiraino iritsiko dela, bihar hasten baita udako aire zabaleko igerilekuen denboraldia.
Blaia hiribidea berritzeko proiektuak 221.096,01 euroko aurrekontua izan du, eta enpresa esleipenduna Campezo Obras y Servicios SA izan da.