Marinel ontziaren posterra argitaratu dute
Itsasontziaren zati guztiak beren nomenklaturarekin batera ikus daitezke bertan. Sustraia elkartearen ekimenez sortutako lana da.
Gaur goizean Marinel ontziaren posterra aurkeztu dute Sustraia elkarteko kideek. Proiektuak, aldi berean, Udalaren, Arma Plaza Fundazioaren, Done Pedro Kofradiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso du.
Posterrean, itsasontziaren zati guztiak ikus daitezke beren nomenklaturarekin batera, euskaraz zein gazteleraz. “Posterra zoragarria da” aitortu du Inaxio Olaziregik. Irudiak Luis Ruiz Padronek egin ditu. Inaxio Olaziregi (Olaziregi ontziolaren jabea) eta Gregorio Kanpandegirekin (Marinel itsasontziko patroi ohia) elkartu eta astebeteko epean osatu zuen lana. Olaziregik emozio handiz hitz egin du Ruizek egindako lanaren inguruan: “Hau ez du edozeinek egingo. Gainera ez dakit sekula ikusi duen barku bat. Esplikatu genion nola zen gauza eta berak apuntatu egiten zuen. Guztia apuntatu eta irudiak bere kabuz atera ditu, artista bat da”.
Hiriko itsas ondareari balioa emateko egindako dibulgazio lana da. Posterra Arma Plaza Fundazioan dago eskuragarri 5 euroan.
Gregoriok, bestalde, barkua bera den ondareaz hitz egin du: “2012an igo genuen eta gu kontent gaude barkua horrela mantentzen delako. Egurrezko barkurik ez da jada, ez da egurrezko eta poliesterrezko barkurik egiten. Orduan, egurrezko barku bat hemen edukitzea eta hainbeste urteren ondoren… asko balio du”. Horregatik, eskerrak eman dizkio udalari.
Dena dela, barkua bertan mantentzeak lan handia izan duela azaldu dute. Sustraiak elkarteak lan ugari egin du mantenu lanak egin ahal izateko. Lehenik eta behin, Arma Plaza Fundazioko kideekin jarri ziren kontaktuan eta aurrekontua onartu eta berehala lanean hasi ziren. “Barkua azkarrago usteltzen da itsaso kanpoan barruan baino, itsasoko ur gaziak mantendu egiten baitu. Baina lehorrean euria eta eguzkiarekin egurra egosi egiten da” azaldu du Olaziregik.
Marinel ontziak 10 urte egin ditu Hondarribiko Benta Zaharrean eta barkuaren barrualdean mantenu lan asko egin badituzte ere, gilak ez du eraberritze lanik jaso. Zentzu horretan, materialaren garrantzia azpimarratu dute: “10 urte igaro dira eta ez genuen uste horren ondo egongo zenik. Asko suposatzen du zer material den, edo zer kola erabili zen” esan du Kanpandegik. Olaziregik ere ildo berean jarraitu du: “Lehen mailako materialaz eginda dago, Gineako egurrarekin egina. Estaldura adibidez, pinuaren egurrarekin egina zegoen eta segituan usteltzen da hori”. Uda ondoren barkuaren kanpoaldeko mantentze lanei ekingo dietela jakinarazi dute.