Frantziako Tourra pasatzeko, aldaketak ibilgailuentzat eta oinezkoentzat
Uztailaren 2an eta 3an igaroko da lasterketa Irundik eta kaleak "ordu batzuk" lehenago itxiko dituzte, oinezkoentzat eta ibilgailuentzat. Gainera, hilaren 30 arratsaldetik aurrera ezingo da ibilbide inguruan aparkatu.
Frantziako Tourra Euskal Herritik hasiko da uztailaren 1ean eta Irundik ere pasako da, uztailaren 2an eta 3an, hain zuzen. Trafiko aldaketak eragingo ditu txapelketak eta horren berri emateko agerraldia egin du Borja Olazabal jarduneko kirol ordezkariak.
Txapelketak “eragin handia” izango duela azaldu du Olazabalek eta “ahalik eta eragozpen gutxien sor dadin” lanean dabiltzala argitu du. Izan ere, txirrindulariak pasako diren kaleak ez ezik, inguruko kaleak ere moztuko dituzte, “Tourreko pelotoia igaro baino ordu batzuk lehenago bostehun bat sustapen-auto igarotzen direla, eta, beraz, inguruetan trafikoa moztu behar dela”.
Gainera, ibilgailuei ez ezik oinezkoei ere eragingo die, ezingo direlako kaleak gurutzatu ezta oinez ere. Bestalde, ekainaren 30eko arratsaldetik uztailaren 3ra arte ezin izango da aparkatu lasterketaren ibilbidean.
Uztailak 2
Uztailaren 2an 16:23an sartuko da pelotoia hirian. Oiartzungo Gurutze auzotik sartu, Tesako biribilgunetik Letzunborro hiribide osoa pasa eta Zubimuxun biratuko dira, Hondarribirantz. Horregatik, 13:30etatik 17:40 ingurura arte ibilbide hori guztia moztuta egongo da, bai ibilgailuentzat bai pertsonentzat.
Eragina izango du Letxunborro hiribidean, Elizatxo hiribidean, Aldabe Mendia kalean, Ospitale kalean, Anaka kalean, Jaizkibel kalean eta Hondarribia kalean. Bien bitartean, Oinaurreko hego ingurabidea erabiltzea gomendatu dute.
Uztailak 3
Hirugarren etaparen txanda izango da eta 16:03an sartuko da irunera, Urdanibia hoteleko biribilgunetik. Segidan, Letxunborro hiribidera joango dira, Anaka kalera biratu eta Geltoki kaletik sartuko da pelotoia Irungo erdialdera. Kolon pasealekua pasako dute, Iparralde hiribidetik irten, Bidasoa ibaia gurutzatu eta Baionara joango dira.
Beraz, 13:05etik 17:20ra bitartean ezingo dira honako kale hauek zeharkatu ez oinez ezta ibilgailuarekin ere: Letxunborro hiribidea, Elizatxo hiribidea, Portzelanasko biribilgunetik Cafe Iruneraino, Aldabe Mendia kalea, Burniola kaletik ospitaleraino, ospitale kalea Puianako bidegurutzetik Letxunborroraino, Anaka kale osoa, Jaizkibel kalea, Anaka kalearekiko elkargunean; Geltoki kale osoa, Kolon pasealekua bi noranzkoetan, eta Iparralde hiribidea.