Migranteen "ehiza" salatu du Irungo Harrera Sareak
Atzo Espainiako polizia etxearen aurrean 100 bat pertsona elkartu ziren politika arrazistak salatzeko. IHSk prestakuntza eskatu zuen poliziarentzat "arrazismoaren aurka" borrokatzeko eta agindua deuseztatu bada ere, hartu beharreko dimisioak galdegin zituzten.
Irungo Harrera Sareak deituta elkarretaratzea egin zen atzo Zabaltza plazan, Espainiako Polizia Nazionalaren etxearen aurrean. “Pertsona migratzaileen ehiza” salatu zuten bertaratu ziren 100 bat pertsonek, Ertzaintzak polizia etxea inguratuta zuelarik.
Nahiz eta bertan behera geratu migranteak atxilotzeagatik jai egunak eskaintzen zituen agindua “oso berri asaldatzailea eta larria” dela nabarmendu zuten. Bidasoa Etorkinekin taldeko Aintzane Lasartek ere hitza hartu zuen eta gizartearen mugitzeko eskubidea aldarrikatu zuen.
Gogoratu dute migranteek oinarrizko eskubideak dituztela baina horiek guztiak ukatu eta “animaliak bailiran” ehizatzen dituztela “instituzio eta arduradun politikoen onespenarekin” gogor adierazi zuten.
Espainiako Atzerri Ministerioari eta arduradun politikoei zuzendu zaie eta erantzukizunak eskatu dizkiete “berehala sakonki argitzeko” eta, era berean, hartu beharreko dimisioak eman daitezen.
Prestakuntza ere eskatu dute agenteentzako “arrazismoaren aurka borrokatzeko” eta poliziari oroitu nahi izan diote ez daudela “giza eskubideen eta legediaren gainetik”. Politika arrazistak deuseztatzeko prestakuntza ere galdegin dute.
Herritarrei adierazi diete ezin direla “migratzaileen oinarrizko eskubideak zapaldu eta ez errespetatzera ohitu. “Ez da bidezkoa ezta legezkoa ere. Ez da onargarria, ezin dugu onartu”.
Emandako datuen arabera egunero hiru pertsona migratzaile atxilotzen ditu poliziak Irundik Hendaiara pasa nahian eta IHSk azaldu du bizitzak salbatzeko dabiltzala bidai hori egiten, eta paperik ez izatea falta administratiboa dela nabarmendu dute, “trafiko isuna izatea bezala da, ez delitu penala”.