Itsasoko orban beltza kentzearen aztarna
‘Prestige’ ontziaren galipota euskal kostaldera ez iristeko lanean aritu ziren 2003an Hondarribiko ‘Guadalupeko izarra’ ontziko arrantzaleak. Argazki kronika bat egin zuen Migel Zeberiok, eta, bi hamarkada geroago, ikusgai jarri ditu orduko irudiak.
Fuel olioa garraiatzen zuen Prestige ontzia bitan zatitu zen, eta 2002ko azaroaren 13an hondoratu zen, Galiziako kostaldetik 4,6 itsas miliara. Hondamendi natural izugarria izan zen Kantauri osoan, Galiziatik hasi eta Euskal Herriko itsaso eta kostalderaino. Kaltea zenbakietara ekarrita, 37.000 tona galipot isuri zituen ontziak, 1.137 hondartzatan izan ziren kalteak, eta euskal kostaldera 3.200 tona galipot ailegatu ziren. 130 euskal arrantzontzik 21.000 tona jaso zituzten itsasotik. Irudi lazgarrienak Galizian jaso ziren; han berehala hasi ziren hondamendiak begien bistan utzitakoak nabaritzen; euskal kostaldera 2003ko urtarrilean hasi ziren iristen lehen orbanak. Hondarribiko arrantzaleek orduko hartan egindako lana argazkitan jaso zuen Migel Zeberio musikari eta argazkilariak, eta, bi hamarkada geroago, erakusketa bat sortu eta zabaldu du Hondarribiko Arma Plazan. Ekainaren 18ra arte egongo da irekita.
Gertatutakoa gogorarazteko hainbat ekitaldi egiten ari dira han-hemenka, eta, horri segika, hondamendiaren oroimenean bere aletxoa jarri nahi izan du Zeberiok ere, irudi bidez. Hondarribiko Guadalupeko izarra arrantzontzitik atera zituen argazki horiek: marinelak galipota jasotzen ageri dira.
Egun bateko kronika eta dokumentazio lana da Zeberiok duela hogei urte egindakoa. Azaldu du ontzi batera igotzeko aukera arrantzaleak ezagutzen zituelako eduki zuela, Prestige-ren hondamendiaren garaian debekatuta baitzegoen arrantzale ez zirenak ontzietara igotzea: “Ni orain enteratu naiz horretaz. Debekua bereziki indartu zuten kanpaina horretan, inork ez zekielako zeren aurrean zeuden eta zein ondorio izan zitzakeen”. Analogikoan ateratako 25 argazki dauzka erakusketan, eta Azken Muga kolektiboko Karen Amaiak lagundu dio digitalizazioan.
Galipota eta marinelak
Erakusketan, argazkiez gain, orain gutxi grabatutako bideo bat ere badago ikusgai: garbiketan parte hartu zuten arrantzaleek bizitakoa oroitzen dute bertan. Memoria ariketa horretan arrantzaleek bat egin dute euskal kostaldera galipota ez iristeko haien lana “oso garrantzitsua” izan zela. “Arrantzaleek eragotzi zuten, herritar xehe eta langile xehe moduan, galipota lurrera iristea”, azaldu du Zeberiok. Lanaren intentsitatea “izugarria” izan zela nabarmendu du: “Kareletik itsasora iristeko hiru metroko kanabera luze eta potolo bat erabili behar da, puntan bitsadera duena, eta 15-25 galipot kilo ateratzen zituzten jasoaldi bakoitzeko”. Ordura arte hondamendi natural batean lortu gabekoa lortu zutela esan du, aurrekoetan lurrera iritsi zelako kutsadura, eta esponentzialak izan zirelako sortutako kalteak. Hala ere, gerora, baina iritsi ziren albo ondorioak. Nabarmenena, ia desagertu egin zela Kantauri aldeko antxoa. Hiru urtez ez ziren joan antxoa arrantzatzera.
23 urtean, “saltsa pila bat”
Azken urteotako “bizi eredu kontsumistaren gainean” hausnarketa egin behar dela uste du Zeberiok: “XXI. mendean jada pasatu da Prestige, pasatu da Zaldibarko [Bizkaia] zabortegiarena, eta pasatu da COVID-19a. Pentsa, 23 urteotan saltsa pila bat gertatu zaizkigu”. Egindako lana aitortu nahi izan die herriko itsasoko langileei Zeberiok. Argazkiak ikusi dituztenean, arrantzaleak “harro” sentitu direla baieztatu du argazkien egileak.
Erakusketa, orain, Euskal Herriko beste txoko batzuetara zabaltzea du desio Zeberiok; Hondarribian leku finkoren batean bere lekua izan dezan ere nahi luke, “testigantza bezala”.