Irungo Harrotasun Kritikoak bigarren asanblada deitu du asteazkenerako
Iragan asteko lehen elkartzea "arrakastatsua" izan dela baloratu dute eta, beraz, ekainaren 28an haien espazioa okupatuko dutela aurreratu dute. Asteazken honetan 18:00etan bilduko dira, Moskuko plazan.
Iragan astean elkartzeko deia egin zuten norbanako batzuek Irungo Harrotasun Kritikoa taldea osatzeko helburuarekin. Era berean, ekainaren 28a “aldarrikapenez bete” nahi du taldeak eta “sanmartzialek ukatu dieten lekua berreskuratu”.
Bide horretan, hogei bat pertsonek erantzun zuten eta asanblada luzearen ondoren, taldearen norabidearen ardatz batzuk finkatzea lortu zuten. Horrez gain, ekainaren 28a antolatzeari ekin diote “ekainaren 28an gure espazioa okupatuko dugu eta aurrera begira antolatuta jarraituko dugu”.
Oraindik antolakuntza lan handia dute aurretik eta horretarako bigarren asanbladarako deia zabaldu dute. Hitzordua 18:00etan izango da asteazken honetan (ekainak 14) eta Moskuko plazan.
Taldea ez da itxia eta interesdunei esan diete oraindik garaiz daudela parte hartzeko. Bigarren bilera honetan lehenengo bileraren laburpena egingo dute eta horretarako 17:30ean bertaratzeko eskatu dute. Euskaraz izaten ari dira bilerak eta denen artean ari dira itzulpen zerbitzuak bermatzen.