Hondakin bilketa kolaboratiboa, Ingurumenaren Munduko Egunean
Ingurumenaren Munduko Egunaren harira, Ekoetxea Txingudik hondakin bilketa bat egin zuen atzo. 45 boluntariok hartu zuten parte, eta 1.612 kilogramo zabor jaso zituzten.
Hilaren 5ean Ingurumenaren Munduko Eguna ospatu zen, eta Ekoetxea Txingudik bat egin zuen atzo nazioarteko egun horrekin. Ekoetxeak hondakin bilketa kolaboratibo bat egin zuen atzo Urdanibia Berri auzoko Jaitzubia errakastotik Plaiaundi parkean dagoen ingurumen zentrora arte.
Adin guztietako 45 boluntariok hartu zuten parte bilketa horretan, hiru orduz, eta 1.612 kilogramo zabor jaso zituzten. Ekopatruilak Irun, Recicla-Birziklatu eta Txingudiko Zerbitzuen laguntzarekin, familia jolasak eta lunch bat ere prestatu zituzten. Horrez gain, partaideek esperientzia baloratu eta hondakinak murrizteko konpromisoari buruz hausnartu zutela jakinarazi du Ekoetxeak.
Atzoko hondakin bilketa 2023ko Ingurumenaren Mundu Eguna ospatzeko aurreikusitako jardueren esparruan gauzatu zen. Nazio Batuen Ingurumen Programak zuzendutako kanpaina bat da, aurten 50 urte beteko dituena. Aurten, Nazio Batuen Erakundearen kanpainak munduko ekintza kolektiborako deia egin du, plastikoak eragindako kutsadurari bukaera ematen lagunduko duten konponbideak ezartze aldera.
#PlastikoKutsadurarikEz traolaren pean, aurtengo Ingurumenaren Munduko Egunean, mundu guztiak ingurumen neurri eraldatzaileak abian jar ditzala eskatu da, krisiari aurre egiteko helburuarekin. Erronka “handi” horri aurre egiteko, “gizarteko eragile guztiak eta herritarrak inplikatzea garrantzitsua” dela esan du Ekoetxeak. Hori dela eta, Txingudiko ingurua garbitzeaz gain, Ekoetxea Txingudik abiatutako egitasmoaren helburua “pertsonak kontzientziatzea” izan da, eta horretarako, “ekintzara pasatzeko eta konponbidearen parte izateko” deia egin du.