Irun udara begira jarri da
Udalak informazio turistikoa emateko hiriko zenbait panel berritu ditu eta Luis Marianoko turismo bulegoak dekorazio berria du jada.
Irungo Udala udari begira jarri da. Udal erakundeak informazio turistikoa emateko zenbait panel berritu ditu hirian zehar; zehazki, Zabaltza plazan, Oiasso Museoaren egoitzaren inguruan, San Juanen eta Junkal parrokiaren plazan. Gaur goizean aurkeztu dituzte panel berriak Miguel Angel Paez Hiri Bultzadako jarduneko ordezkariak eta edukiak ekoizteaz arduratu den Asier Iglesiasek.
Panel horiek non dauden azaltzen dute, eta historia, ondare eta arkitektura gaien inguruko informazioa ematen dute, lau hizkuntzatan: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Panel bakoitzak inguruko eraikin nagusiak aipatzen ditu; hala nola, udaletxea eta Junkal plaza, baita Irun erromatarrari eta Zabaltza osoaren XIX. mendeko bilakaerari buruzko gaiak ere.
Panelak berritzeaz gain, Luis Marianoko turismo bulegoaren dekorazioa aldatu berri dute, zenbait hilabetez mantenduko dutena. Udarako sortutako diseinua hiriko eraikin adierazgarri eta turistikoenen profil dimentsiodunak osatzen du, udako koloreekin nahastuta.